Skip to main content
Lehen Taldea

Pantic: Partida asko jokatzea eta taldea Lehen Mailan mantentzea dira nire helburuak

Partida asko jokatzea eta taldea Lehen Mailan mantentzea dira Aleksandar Pantic SD Eibarren atzelari berriaren helburuak, Villarreal CF-k utzita datorrena urtebeterako.

There are no reactions yet. Be the first!

Ipuruan egin den aurkezpen ofizialean zera adierazi du Pantic-ek, "erosoago sentitzen naiz erdiko atzelari postuan", nahiz eta hegalean ere joka dezakeen, "Villarrealen duela bi denboraldi 4 edo 5 partidatan egin nuen bezala".

23 urteko atzelari serbiarra hogei aldiz izan da 21 urtez azpiko internazional. Joan den denboraldian Córdoban esperientzia txarra bizi izan zuela aipatu du, "liga amaitu bano bi hilabete lehenago jaitsita geunden" eta emandako irudi txar hori Eibarren ezabatu nahi luke, "talde serioa eta ondo antolatutakoa".

Aurredenboraldia Villarrealekin egin du eta zenbait partida jokatu ditu, beraz, forma onean dagoela adierazi du, liga hasierarako prest.

SD Eibarren presidentea den Alex Aranzabalen hitzetan, Lehen Mailako beste talde batzuk ere Pantic-en zesioaren zain ziren, beraz, berri ona dela bere heziketa Eibarren osatuko duela erabaki izana.

Bestalde, presidenteak garrantzia eman dio EIbar fitxaketa gehien egin dituen taldea izateari, hamairu jokalari berri etorri baitira Klubera uda honetan.

"Jokalari berriez gain entrenatzailea eta talde teknikoa ere berriak dira. Eraberritzeko gaitasuna azaldu dugu. Kirol Zuzendaritzak oso lan garrantzitsua egin du bi hilabete hauetan", adierazi du.

Eibarren Zuzendari Teknikoa den Fran Garagarzaren hitzetan, Pantic jokalari ezaguna da Klubarentzat, joan den urtetik hona jarraipena egin zaiona, "jokalari gaztea, intentsoa, azkarra, aurrea hartzen dakiena, sendoa", eta Espainiako Lehen Mailan 2.000 minutu baino gehiago jokatu dituena.

Taldea ez dagoela itxita oraindik, eta Kirol Zuzendaritzaren betebeharra merkatuari begira egotea dela adierazi du. "Ideiak oso garbi ditugu", azpimarratu du.