Skip to main content
EU
Kluba

Mikel Arruabarrena "Eibar da nire bizitzako kluba"

SD Eibarrek eta Mikel Arruabarrenak akordio bat lortu dute jokalariaren kontratua desegiteko. Emozioz beteriko ekitaldi batean, Arruk agur esan dio azken zazpi denboraldi eta erdietan bere etxea izan den klub armaginari.

Tolosarraren agurrean izan dira Eibarreko presidentea, Amaia Gorostiza, Administrazio kontseiluko kideak, klubeko langileak eta bertara hurbildu diren zale armagin ugari.  Gorostizak eskerrak eman dizkio jokalariari egin duen lanagatik eta etorkizun oparoa izango duela iragarri du "Mikel Eibarren balioen ikurra da beste inor ez bezala: langilea, umila eta sendoa da. Zorterik honena opa dizugu. Zure etxea da hau, beti izan da horrela eta berdin izango da etorkizunean ere. Itzuli laster".

Arruabarrenak presidentearen eskuetatik jaso du taldearen urrezko intsignia damaskinatua eta, emozioz beterik, Eibarren izan duen egonaldi historikoa ekarri du gogora: "Esker-hitzak baino ez ditut gure jarraitzaile guztientzat. Denetik bizi izan dut, gauza onak eta txarrak, baina Eibar da nire bizitzako taldea. Beti esan izan dut ez nintzela emozionatuko, baina emozionatuta nago, lagun asko eta oroitzapen ugari utziko ditut hemen".

Jose María Arrizabalaga kirol-zuzendariordeak, emozioz beterik ere, hitz batzuk esan ditu jokalariaren omenez "Eskerrak eman behar dizkizugu eman diguzun guztiagatik. Eibarreko ateak beti egongo dira zabalik zuretzat".

 Mikel Arruabarrenak zazpi denboraldi eta erdi eman ditu SD Eibarren. Denbora horretan, 11.962 minutu jokatu ditu eta 38 gol lortu ditu talde armaginarekin. SD Eibar osatzen dugun pertsona guztiok, presidenteak, Administrazio Kontseiluak, talde teknikoak eta adiskideek eskerrak eman nahi dizkiogu dagoeneko bere historiaren parte den taldearen alde egindako lana eta erakutsitako kemenarengatik.

Arru, zorte handia opa dizugu zure abentura berrian. Eskerrik asko guztiagatik!