Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibarrek partida “erritmo handiz” ekiteko eskatu die jokalariei

Eibarreko entrenatzaileak filialeko lau jokalari deitu ditu Badajozen aurkako partidarako

José Luis Mendilibarrek “erritmo handiz” ekiteko eskatu die jokalariei, ostegunean 21:00etan Badajozen aurka jokatuko duten Errege Kopako kanporaketa.

Norgehiagoka jokatu aurreko prentsaurrekoan, Mendilibarrek deialdia jakinarazi du. Entrenatzaileak filialeko lau jokalari deitu ditu (Cubero, Ekhi, Atienza eta Marí). Bien bitartean, Ramis, Arbilla, Escalante, Pape Diop eta Kike García lesio ezberdinengatik baja izango dira. Bestalde, Cote, Bigas, Inui eta Orellana arrazoi teknikoengatik etxean geldituko dira.

“Jokatzeko, lehiatzeko eta irabazteko prest gaude. Garrantzitsua izango da lehen zatian ondo aritzea. Haiek sendo irtengo dira, Lehen Mailako talde baten aurka aritzeko gogoz. Hortaz, irmoki atera behar dugu”.

“Lehen zatian kanporaketa irabaztea zaila izango da, baina argi erakutsi behar dugu partida irabazi nahi dugula. Ondoren, lehia aurrera doan heinean, bi taldeen arteko aldea ikusi beharko litzateke, beti ere ondo bagaude. Erritmo handiz irteten bagara une jakin batera arte eusteko gai izango dira”.

“Ideia sendo ateratzea da hasieratik, aurkako zelaian jokatzea. Haiek gure baitan aritzea eta ez alderantziz. Egia da, ez dela hain erraza mentalki partidarako prestatzea jakinda igandean Celtaren aurka neurketa garrantzitsua dugula, baina arreta handiz jokatu behar dugu kanporaketa gainditu nahi badugu”.

Mendilibarrek gogorarazi du Errege Kopako partidetan Ligan aukera gutxien izan dituzten jokalariek minutuak izaten dituztela. Hortaz, “gure ideia kanporaketak gainditzen joate da, haiek ere aukera izan ditzaten eta jokalariak ohartu daitezen astero jokatzeko abagunea dutela”.

“Denek jokatu nahi badugu kanporaketa gainditu behar dugu. Badajozen aurka lehiatzeko eta irabazteko jokakalari onak ditugu”.

Aurkariaren inguruan ere mintzatu da Eibarreko entrenatzailea. Zaldibarrekoak esan du “kategorian talde ona da. Beren partidak ikusi dugu eta uste dut orain arte jokatu dugun aurkaririk zailean izango dela”.

Mendlibarrek azpimarratu du aste honetan soilik Kopako partidan zentratu dela. “Orain arte ez dut Celtaren partidarik ikusi, ostiraletik aurrera hasiko gara partida hori prestatzen. Egun hauetan Badajozen aurkako lehian sartuta egon behar gara, beste guztia alde batera utzita”.

Lesionaturik dauden jokalarien inguruan, Mendilibarrek esan du “Papek aurreapausuak ematen ari dela”, eta Arbilla, berriz, “pixkanaka taldearen dinamikan sartzen ari direla”. Entreantzaileak datorren astean biak normaltasunez aritzea espero du.