Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibarrek bigarren taldeko bi jokalari sartu ditu deialdian

Eibar joaneko partiduko 0-3 emaitza on egiten saiatuko da final laurdenetara pasatzeko

Jose Luis Mendilibarrek CD Vitoriako, SD Eibarren bigarren taldeko, Julen Lopez zentrala eta Imanol Sarriegi erdilaria sartu ditu bihar Osasunaren aurka (Ipurua, 19:00etan) jokatuko den final zortzirenetako itzuliko partidurako.

Neurketa honetarako lesionatuta dauden Ivan Ramis, Kike Garcia eta Anaitz Arbillaren, eta zigortuta dagoen Cristian Riveraren bajak ditu SD Eibarren entrenatzaileak. Gainera, Antonio Luna eta Sergi Enrichi atsedena ematea erabaki du.

Biharko partidurako deialdia honakoa da: Riesgo, Yoel; Capa, Dos Santos, Lejeune, Gálvez, Juncà, Julen López, Dani García, Escalante, Adrián, Fran Rico, Sarriegi, Pedro León, Inui, Bebé, Rubén Peña eta Nano.

Biharko partiduaren aurreko prentsaurrekoan, Mendilibarren asmoa “jendeari partidua irabaztera irten behar garela mentalizatzea da”.

 “Joaneko partiduko 0-3 emaitza hasi aurretik sinatuko genukeen emaitza da, baina eman dira markagailuari buelta eman duten kasuak. Oso atzera joan beharrik ez dago, guk iaz Pontevedraren aurka 3-0eko markagailua irauli genuelako. Aurten ere, Cornellan 0-3 irabazten gindoazen eta berdindu egin gintuzten. Atzo, Las Palmasek gol batera eduki zuen joaneko partiduko 0-2 emaitzari buelta emateko aukera. Pausu oso handia eman dugula uste dut, baina jokatu egin behar dugu oraindik”.

Gainera, “Osasuna gai izan da hiru alditan galtzen jarri den partidu bat (Valentziaren aurka astelehenean jokatu zuena). Izaera badute behintzat, gogoa ere eta zerbait ona da euren aldetik. Eurentzat zaila izango dela jakinda etorriko dira hona”, azpimarratu du.

 “Garrantzitsuena indartsu irtetea izango litzateke, golarekin, eurek ikusteko buelta ematea ezinezkoa dela”.

Eibarrek historian lehen aldiz Errege Kopako final laurdenak jokatzeko aukerari buruz, “guztion oroimenean eta, batez ere, klubarenean egoteko garrantzitsua da, azken urteetan pausoak ematen ari delako. Espero dugu hemendik aurrera ere pausoak ematen joatea”.