/
Skip to main content
Lehen Taldea

Mendilibarrek begiz onez ikusten du kopa plantilla guztiak jokatzeko aukerak izan ditzan

Eibarrek ligan ohikoak ez diren jokalariak zelairatuko ditu Las Rozasen aurka

There are no reactions yet. Be the first!

Jose Luis Mendilibarrek Errege Koparen aldeko apustua egin du, jokalari guztiek txapelketa ofizialeko partidak jokatzeko aukera izan dezaten.

Eibarreko entrenatzaileak aurreratu duenez, ostegunean Las Rozasen aurka jokatuko duen Kopako partidaren atarian, hamaikako "guztiz ezberdina" zelairatuko du.

“24 jokalarirekin, ligako partidak astetik astera bakarrik jokatzen badituzu, zaila da denentzat aukerak egotea. Jokalariek partidak jokatzeko aukeratzat ikusi behar dute Kopa. Sailkatzen bagara beste kanporaketa bat izango dugu hamar egunetara, beste partida bat jokatzeko aukerarekin. Zenbat eta partida gehiago izan, taldea lesiorik gabe eta egoera onean badugu, guretzat ona izango da”.

Mendilibarren ustez, Lehen Mailako talde batek Bigarren B Mailako talde baten aurka duen betebeharra ez da sailkatzea, "Sailkatzeko ahal dugun guztia egitea baizik". "Gero ahal duzun guztia egin dezakezu eta atea aurrean gaizki egon zaitezke. Derrigorrezkoa da erritmo bizia ezartzea, beti kontrako zelaian jokatzen saiatzea eta partida hasi aurretik sailkatuta gaudela ez sinestea”.

“Iazko adibidea dugu, Bigarren B Mailako talde batek kanporatu gintuen eta aurretik beste kanporaketa bat pasa genuen. Ezin gaitu ezustean harrapatu. Gure esku dago partidari nola aurre egin. Zenbat eta partida gehiago jokatu Kopan, jokalariek interes handiagoa izango dute ondo egoteko eta ondo entrenatzeko, denek izango baitituzte ligan edo Kopan jokatzeko aukerak. Orain kanporatzen bagaituzte eta 24 izanda eta partidak astez aste badira, oso zaila da denak sartzea”.

Aurkariari buruz, entrenatzailea aldatu berri duen taldea dela eta Bigarren B Mailako bere multzoko beheko postuetan dagoela esan du. "Euren helburu nagusia behealde horretatik irtetea izango da, baina ilusio handiagoa izango dute Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko eta sailkatzeko. Etxean jokatzearen abantaila txiki hori baliatu nahiko dute”.

Ipuruako denboraldiko lehen garaipenaz galdetuta, “Lasaitasun pixka bat ematen digu etxean irabazteko, partida ona egiteko, golak sartzeko eta aurkariak ez sartzeko gai garela jakiteak”, esan du. “Hemendik aurrera ea etxetik kanpo emaitza onak lortzen ditugun eta etxean puntu gehiago lortzen ditugun”.

Ireki berri den fitxaketa merkatuari dagokionez, "Sarreraren bat egon arte ez dugu itxita egon behar", azpimarratu du.

 “24 fitxa ditugu. Niretzat 22-23 fitxa zenbaki ona litzateke. Lan egin behar da baten bat atera dadin eta baten bat sar dadin. Sarrera ez da 4-5 hilabeterako izango, urte eta erdirako edo bi urte eta erdirako baizik”.