Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Villarreal oso sendo dago, baina irabazteko moduan gaude

Bihar egingo dute armaginek euren azken entrenamendua igandeko partidaren aurretik

José Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak igandeko Villarrealen kontrako partiduaren atarikoan (Ipuruan, 12:00etan) nabarmendu du Villarreal “emaitzak eta jokoari dagokionez oso sendo” dagoela, baina bere taldea “irabazteko moduan” ikusten duela.

Mendilibarrek jokalari guztiak ditu bere esku Castellóko taldeari aurre egiteko. Neurketaren aurreko azkeneko entrenamendua bihar izango da, Atxabalpen, 10:30etan.

“Seguru irabazteko aukerak izango ditugula. Konzentrazio handiarekin jokatu behar dugu, haiek talde oso azkarra eta ona daukatelako eta defentsan zein erasoan gauzak ondo egiten ari direlako”.

“Vllarreal indartsu bat espero dut, emaitzak eta jokoari dagokionez sendo daudelako. Bost gol sartzeko gai dira eta kontrako emaitza iraultzeko kapazak. Erasoan aukera gehien dituen taldeetako bat dira eta baloia nahi dute aurkariaren atera iritsi eta arriskua sortzeko. Ez dira baloiarekin lokartzen”.

Mendilibarren aburuz, “ondo jokatzen, kontzentratuak eta akatsik ez egiten saiatuz” mina egin ahal zaio Villarreali. “Partida oso ona egingo dugula uste dut eta ea ateari begira fin gauden eta hutsegite gutxi egiten ditugun”.

Azken partidetan jasotako golen inguruan (azken bi partidetan 6 gol sartu dizkiete armaginei), Mendilibarrek hurrengoa esan du: “guk bost sartu ditugu”. “Oso zaila da tapakiak guztia estaltzea. Talde handiei ere kostatzen zaie oinak eta burua estalita edukitzea. Guri, are gehiago. 0-0 berdintzen baduzu neurketa ona egin duzula dirudi. 3-3 berdindu eta akatsak bilatzen ditugu. Hiru gol sartu nahi baditugu, arazoak sortuko dizkigute. Horretarako prest egon behar gara eta arazo horiek murriztu. Nik nahiago dut 3-3 berdintzea 0-0 baino”.