Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: “Vigoko berdinketa ona egitea espero dugu”

Eibarreko entrenatzaileak adierazi du “garaipen batek aurretik ditugun taldeen pare jarriko liguke”

Eibarreko entrenatzaileak prentsaurrekoa eskaini du igandean (14:00) Real Betisen aurka jokatuko duten neurketaren harira. Mendilibarrek adierazi du, “Vigoko berdinketa ona egitea espero dugu”. Izan ere, bere esanetan “garaipen batek aurretik ditugun taldeen pare jarriko gintuzke”.

Zaldibarko prestatzaileak taldeak defentsa lanetan egiten ari den papera nabarmendu du. “Azkeneko neurketetan gauza bat izan dugu ona. Ez dugu ia golik jaso. Horrek segurtasun bat eman digu. Egia da agian aukerak egin diezaguketela. Nahiz eta golik jaso ez, batzutan aukerak egiten dizkigute. Edonola ere, bost partidatan gol bakarra jaso dugu. Horrek esan nahi du gola egitearekin partida irabazi dezakegula”.

Real Betisen inguruan ere mintzatu da entrenatzaile armagina. “Gorabeherak izan dituzte. Ez ziren ondo hasi. Ostera, emaitza onak izan zituzten eta gora begiratzen ari zirela zirudien. Eta orain berriro gelditu egin dira. Oraindik denbora dute, partida asko gelditzen dira. Baina haientzako lehia garrantzitsua izango da. Galduz gero, goiko postuetatik urrunduko lirateke”.

“Atzetik jokatzen dute baina luze ere bai. Asko zabaltzen dute zelaia eta guk ez badugu zelaia txikia egiten arazoak izango ditugu seguru. Haiek konfiantza askorekin jokatzen dute. Baloia nahi dute. Onak dira. Guk ere konfiantzarekin jokatu behar dugu. Gure lana egin behar dugu eta arreta guregan jarri. Beren zelaian jokatu behar dugu, gure atzeko lerroa altu defenditu behar du”.

Mendilibarrek etxean jokatutako partidek konfiantza eman diela aitortu du. “Garaipen onak lortu ditugu azkenaldian Ipuruan. Partida ezberdinak izan dira, baina konfiantza eman digute. Badakigu, ordea. igandekoa norgehiagoka ezberdina izango dela”.

“Ondo gaudenean aldatzea ez da ona izaten. Taldea konfiantzarekin ari da orain eta horri etekina atera behar diogu. Guk irabazten badugu segurtasuna lortuko genuke, atzeko taldeekin aldea handituko litzatekelako”, esan du Mendilibarrek.