Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Talde ona da Ponferradina, gogoz lehiatu beharko dugu

Eibarreko entrenatzaile Jose Luis Mendilibarrek Ponferradinak oso talde ona duela esan du, baita bere taldeak izerdia bota beharko duela ere Kopa-kanporaketa honetan. Joaneko partidua El Tolarinen jokatuko da bihar

Mendilibarrek ezingo ditu Jaime Jiménez, Mauro Dos Santos eta Borja Bastón zelairatu biharko partiduan arazo fisikoak direla-eta (azken biak igandean Anoetan jolastuko den partidurako prest egongo dira, ezustekorik ez bada) eta David Juncà, Dani García, Saúl Berjón eta Sergi Enrich Eibarren uztea erabaki du.

Deialdia lehen taldeko gainerako 16 jokalariek eta CD Vitoria filialeko Iñigo Barrentxea eta Asier Etxaburuk osatuko dute.

«Guk ehuneko ehunean irten behar dugu, ezin gara fidatu. "Txikiak” urrats bat egiten du aurrera eta goikoa erdi erlaxatu egiten da. Espero dut guri horrelakorik ez gertatzea eta ligan bezala jolastea. Espero dut elastiko gorri-urdina eramateagatik Bartzelona garenik ez pentsatzea» esan zuen Mendilibarrek prentsaurrekoan.

Zaldibarko entrenatzaileak taldean aldaketak egin dituela esan du, «baina ez jokoaren ideian». «Jokalari batzuek oso gutxi jolastu dute eta gogoz daude. Espero dut guztiek taldearentzat jokatzea, entrenatzailea konbentzitzeko duten aukerarik onena taldearentzat jokatzea izango baita», esan zuen.

«Ona da taldearentzat kanporaketetan aurrera egitea, baina are hobea da jokalariarentzat, astean zehar partiduak egonda guztiek baitauzkate helburuak. Kopan aurrera egitea aukera ona izango da minutu gutxi dituztenentzat eta lesioetatik atera berri daudenentzat», adierazi zuen.