Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Puntuek ondo entrenatzen jarraitzeko alaitasuna ematen dizute

Nano eta Markel Areitio atezaina, SD Eibarreko deialdiko nobedadeak

José Luis Mendilibarrek bihar Sevillaren aurka Ipuruan jokatuko duten neurketaren atarikoan adierazi duenez, “puntuek ondo entrenatzen jarraitzeko alaitasuna ematen dizute”.

Biharko partidan, Mendilibarrek ezin izango ditu zigortutako Riesgo, ezta min hartutako Iván Ramis eta Adrián González erabili. Gainera, entrenatzaileak David Juncà, Cristian Rivera eta Takashi Inui etxean geratzea erabaki du.

Hona hemen 18 jokalariko deialdia:

Atezainak: Yoel eta Markel Areitio

Zelaiko jokalariak: Capa, Arbilla, Dos Santos, Lejeune, Gálvez, Antonio Luna, Escalante, Dani García, Fran Rico, Jota, Bebé, Pedro León, Rubén Peña, Sergi Enrich, Kike García eta Nano Mesa.

Mendilibarrek Sevilla “oso aurkari gogorra” dela eta “jokalari oso onak” dituela nabarmendu du. “Nahiz eta astean zehar jokatu aldaketak egiteko jokalariak dauzkate eta indarberritzeko denbora nahikoa izan dute. Emaitza onak ekarri dizkigun dinamika honekin jarraitzen saiatuko gara”.

“Aldaketak egingo dituztela uste dut eta aurrelari espezifiko bat edo gehiagorekin jokatuko dutela. Denboraldia hasi zenetik, euren jokoa asko aldatu da. Espanyolen aurka oso partidu irekia egin zuten, zentzu guztietan, baina hortik aurrera, amarrategiagoak izan dira. Entrenatzaileari baloiaren aurretik jende asko izatea gustatzen zaio, barrutik jende asko izatea, eta gure aurka ideia horrekin jokatuko dutela uste dut”.

Granadaren kontra azkeneko minutuetan lortutako garaipenaren inguruan ere mintzatu da: “zortea izan genuen, baina zortea bilatu egin behar da. Agian beste talde batean, jokaldi horretan bertan, ez lirateke lau jokalari erasora joango, bat gutxiagorekin eta min hartutako taldekide batekin. Aginduak ematen dituena burua dela erakutsi genuen. Askotan jaramon gehiago egiten diogu gorputzari eta badirudi horrek kikildu egiten gaituela. Gorputzak uste duguna baino gehiago ematen du”.

“Azken bi partiduetan zortea izan dugu. Lehenengo norgehiagokan agian ez genuen porrota merezi izan, baina bigarrenean agian ez genuen garaipena merezi izan, eta hirugarrena, guztiok dakigu nola irabazi genuen. 2, 3 edo 4 puntu edukiko bagenitu, inor ez litzateke harrituko. Puntuek ondo entrenatzen jarraitzeko eta egiten duzunean sinisteko alaitasun hori ematen dizute. Puntuek jokalariek astean zehar egindako lana indartzen dute”.

Era berean, Mendilibarrek bere taldeak duen hobetzeko marjinari buruz hitz egin du. “Oldarkorragoak izan behar gara, areara askoz gehiago erdiratu, eta aurkariaren atetik hurbilago egon. Nire taldeak aurkariaren zelaian gehiago jokatzea nahi dut, baloiarekin edo baloirik gabe. Ahal bada, baloiarekin, baina lapurtu behar badugu, aurkariaren zelaian izan dadila”.