Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Osasunak kezkatzen nau, burua garbi badauka eta irabazteko gogoz etortzen bada

SD Eibarreko entrenatzaileak jokalari guztiak deitu ditu eta astelehenean erabakiko du zeintzuk baztertu

José Luis Mendilibarrek hurrengo astelehenean Osasunaren aurka jokatuko duten partidaren atarikoan (Ipuruan, 20:45etan) aitortu duenez, Iruñako taldetik gehien kezkatzen diona, haiek “burua garbi izatea eta irabaztera ateratzea” da.

Entrenatzaile armaginak aurreratu du talde osoa deituko duela (ez dago zigortutako ez min hartutako jokalaririk) eta astelehenean bertan erabakiko duela zein jokalari baztertuko dituen. Asteko azkeneko entrenamendua bihar izango da Atxabalpen eta publikoari itxita egongo da.

“Norbaitek pentsa dezake gu ondo heltzen garela eta haiek ez hain ondo. Baina haiek lehenengo partidua irabazteko gogo handiekin etorriko dira. Jokalari guztiak dauzkate jolasteko moduan eta bi aste izan dituzte neurketa prestatzeko. Arerio gogorra izango da. Gure bila etorriko dira, ez gaituzte itxarongo. Euren pentsamenduan irabaztea baino ez da egongo”.

“Nahiz eta emaitzei dagokionez oso ondo hasi ez diren, denbora asko geratzen da eta Osasunaren izaera ezagutuz, ez dira daukatenarekin konformatuko eta Lehen Mailan jarraitzen saiatuko dira”.

“Taldeak kezkatzen dit zure bila ateratzen badira, burua garbi badaukate eta irabaztera ateratzen badira. Beldurrez etortzen badira guretzat errazagoa izango da. Talde ausarta da, jokalari kementsuekin. Ausardia hori galtzen dutenean aurkariaren ate ingurura ailegatzea gehiago kostatzen zaie eta defentsan akats gehiago egiten dituzte. Zenbat eta ausartagoak izan, orduan eta partida hobeak egiten dituzte eta hobeto konpetitzen dute”.

Mendilibarrek bere iragan gorritxoa ere gogoratu du. “Lau denboraldi pasatu ditugu han, bi osorik, bat erdizka eta bestetik, laurden bat baino ez. Ondo ezagutzen dut Osasuna, nahiz eta zuzendaritza eta jokalari asko aldatu diren. Pasa den urtean balentria handia egin zuten igotzen”.

Duela bi aste Bernabéun lorturiko berdinketaren inguruan, ia-ia gogoratzen ez direla adierazi du. “Ez dut uste inork berdinketa hori buruan izango duenik. Ia bi aste pasatu dira eta nik ez dut ezer nabaritu entrenamenduetan, ez dut jokalaririk harrokeriaz jarduten ikusi. Astelehenean jokatzeko eta norgehiagoka irabazteko prest gaude”.

Era berean, Zaldibarko entrenatzailea ezohiko jokalariek daukaten eginkizunari buruz mintzatu da eta “oso ondo konpetitzen” dutela azpimarratu du. “Ez dut inolako beldurrik normalean hamaikakoan ez dauden jokalariak jokatzen dutenean, oso ondo entrenatzen direlako eta oso ondo konpetitzen dutelako. Málagaren aurka galdu, baina ondo aritu ginen. Aste batean bi partidu dauzkagunean horrelako gauzak egiten jarraituko dut, hobeto egongo garelako, indartsuago, eta irabazteko aukera gehiago izango ditugulako”.

Bukatzeko, Errege Kopako kanporaketa aztertu egin du, Gijóngo Sportigen kontra jokatuko dutena. “Maila berdineko taldea da eta txandaz pasatzeko gu bezain interes handia dauka”. “Guztiok jokatzeko lagunarteko partidak antolatu beharrean, hobeto txapelketa hau badago. Geure asmoa kanporaketak pasatzen joatea da, urrutiko helbururik jarri gabe, beste neurketa pare bat izateko”.