Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Lehia irekia izango da, bi taldeek irabazteko aukerak izango ditugu"

Eibarreko entrenatzailea azken boladari jarraipena emateko gogoz azaldu da

Real Betisen aurkako partidaren atarian (ostirala, 21:00) José Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du Atxabalpen. Zaldibarreko entrenatzaileak taldea azken bolada onari jarraipena emateko prest dagoela adierazi du. “Ondo gaude, gogotsu eta konfiantzarekin. Betis gure jokoa egiteko ongi datorkigun aurkaria da. Partida ona izango da, irekia. Bi taldeek aukerak izango ditugu”.

Aurkariaren inguruan bi taldeak erabiltzen duten estiloen uztarketaz mintzatu da Mendilibar.  “Atzetik ateratzea gustatzen zaie baloiarekin, guri presioa altua egitea gustatzen zaigu. Gure lanetan ondo ez bagaude atzera egin beharko dugu korri. Baloia lapurtzen asmatzen badugu, ordea, beren area ingurutik gertuago egongo gara jokaldia amaitzeko”.

Betisen azken partidaren inguruan, ohartarazi du markagailuak dioena baina hobetu aritu zirela. “Lehen zatian bat eta bi irabazten joan zitezkeen. Ondo jokatu zuten lehen 45 minutuetan, gol gehiago egiteko aukera izan zituzten. Egia da hirugarrena jaso eta gero, behera etorri zirela”.

Horrez gain, “etxean jokatzen dute beren zaleen babesarekin. Hori alde dute. Baina egia da, ondo bagaude zalantzak sor daitezkeela eta kontran izan dezakete”.

Azkenik, partida honetarako baja izango diren jokalariei buruz aritu da: Burgos, Correa eta Cote. Burgos oraindik ez da errekuperatu Alcorconen izan zuen lesioaz. Correak, aldiz, txorkatila bihurritu zuen asteazkeneko entrenamenduan eta Cotek Celtaren aurkako partidan min hartu zuen.

Azken honen bajaren inguruan zera esan du: “Coteren hirugarren urtea da. Orain arte ez da behin ere lesionatu azken urtetan, aurten bitan. Bere bajak mina egiten digu ez dugulako inor espezifikorik postu horretarako. Defentsa lanetan ondo dabil, aurrekaldera ere garrantzitsua da guretzat, erdiraketa asko ateratzen ditu. Ea ahalik eta gutxien igartzen dugun ez dagoela”.

Bestalde, Sergi Enrich deialdira bueltatuko da. “Denboraldia hasi denetik hau izan da Enrichen entrenamendu asterik onena. Ondo dago eta taldearentzat garrantzitsua da”.

Deialdia hurrengo jokalariek osatu dute: Dmitrovic, Yoel, Tejero, De Blasis, Ramis, Arbilla, Paulo, Bigas, Sergio Álvarez, Pape Diop, Expósito, Escalante, Orellana, Inui, Pedro León, Enrich, Kike García, Quique González, Charles.