Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Leganes ondo konpetitzen duen taldea da, partidu zaila izango da

Pepinero eta armaginek igandean jokatuko dute lehen aldiz euren artean Lehen Mailan

SD Eibarreko entrenatzaile Jose Luis Mendilibarrek igandeko partiduaren aurreko prentsaurrekoan adierazi du Leganes “oso ondo konpetitzen duen taldea” dela, “partidu zaila” izango delarik.

Azpiko mailetan hainbatetan elkarren aurka aritu ostean, pepinero eta armaginek lehen aldiz egingo dute aurka Lehen Mailan.

Nahiz eta baja ugari izan, “Leganesek talde moduan oso ondo egiten du lan eta Las Palmasen aurka oso neurketa ona egin zuen”, adierazi du Mendilibarrek.

“Kanpotik ikusita nahiko talde justua dela ematen du, fitxaketa zein izen handirik gabe, baina azkenean entrenatzaile berarekin jarraitzen dute, talde moduan oso ondo egiten dute lan, badakite zer egin momentu oro eta euren aurka aritzeko oso talde zaila dela iruditzen zait”.

Neurketa zaila bada ere, Mendilibarrek Butarquen emaitza ona ateratzeko esperantza dauka. “Geldialdiak daudenean beti da garrantzitsua zerbait positiboarekin joatea. Irabaztea oso garrantzitsua izango litzateke, 25 puntutara heltzea, Gabon onak pasatzea eta lasaitasunarekin bueltatzea kakotx artean”.

“Gutxi hitz egin dugu, baina erlazio ona daukagu”, adierazi du Asier Garitanoren inguruan. “Futbola antzera ikusten dugu. Momentu oro zer nahi duen dakien entrenatzailea da, zer duen dakiena eta horretara egokitzen dena. Nahiz eta lesio garrantzitsuak izan dituen ez da negartia eta azkar ekiteko gai izan da, Herrerinen fitxaketarekin bezala. Oso entrenatzaile eta gizon ona dela deritzot”.

Bere taldeari dagokionean, adierazi du lesionatuta dauden Ivan Ramis, Asier Riesgo eta Fran Rico kenduta Leganesen aurka jokatzeko prest daudela beste guztiak. “Fran eta Asier Gabon osterako egongo direla uste dut. Ivanena luzeagoa izango da. Besteak ondo daude, eurekin kontatzen dugu. Lesio hauen onena Gabonetan harrapatu gaituela da kakotx artean eta horrek eurak berreskuratzeko denbora gehiago ematen digula”.