Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Irabaztea da dugun aukera bakarra"

Eibarko entrenatzaileak uste du lehia irabazteko aukerak izango dituztela

José Luis Mendilibarrek agerraldia egin du goizean Ipuruan Getaferen aurkako partidaren astean. Entrenatzaileak esan duenez, "irabaztea da dugun aukera bakarra".

Zaldibarkoak onartu du astea “alaiagoa” izan dela Alavesen aurka garaipena eskuratu eta gero. “Itxaropenaz ikusten dugu datorrena. Badakigu ez dela erraza Getafen irabaztea, baina badakigu nola irabazten den. Gure futbola egiten badugu, aurkaria oso lehiakorra dela, aukerak izango ditigu irabazteko. Orain denok argia ikusten dugu”.

Entrenatzaileak “partida ezberdina” espero du pasa den larunbatekoarekin alderatuta. “Luze jokatzen dute eta Alaves baino oldarkorragoak dira. Ez dabiltza beste urte batzutan bezain ondo, baina lehiakortasuna ez dute galdu. Jokaldi asko amaitzen dituzte. Horrek esan nahi du kontraerasoan ez dela erraza izango haiek harrapatzea. Uste dut ez daudela ondo, zerbait egin behar dute jaitsieratik aldentzeko eta urduri egon daitezke”.

Astean zehar Pape Diopek adierazi zuen moduan, Mendilibarrek uste du “partida irabazteko burua eta bihotza behar da. Asko esaten da buruaz jokatu behar dela horrelako partidetan, eta egia da, baina bihotza gabe zaila da. Ea biak ondo erabiltzen ditugun igandean”.