
Mendilibar: “Gure helburua partida ona jokatzea da, golak egitea eta kanporaketa gainditzea”
Entrenatzaile armaginak adierazi du SD Logroñesek "gure antzeko futbola" egiten duela
José Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du Errege Kopako neurketako atarian. Entrenatzaileak argi aderazi du taldearen helburua partida ona jokatzea dela, golak egitea eta hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela lortzea.
Zaldibarko entrenatzailearen esanetan, “Ez gara heltzen momento onean. Lesio asko ditugu. Baina gazteentzat ere aukera ona da. Uste dut talde ona egin dezakegula lehiatzeko eta irabazteko. Egia da aste motza dela. Ez dugu entrenatzeko denbora askorik. Baina minutu gutxien dutenentzat eta gazteentzat partida ondo dator”.
SD Logroñésn inguruan ere mintzatu da prestatzaile armagina. “Hirugarren mailako taldea da. Errioxako multzoan bigarren doaz. Gure antzeko futbola egiten dute. Hegaletatik jokatzen dute, erdiraketa asko egiten dituzte”, adierazi du.
Mendilibarrek esan du kanporaketa hau ondo etor dakiokela taldeari. “Ondo datorkigu partida bururako. Errespetua izan behar diogu aurkariari, baina gure helburua partida ona jokatzea da, golak eginez, taldea ondo egoteko. Gainera, lesio asko dugunez, kanporaketa gaindituz gero, eta San Mameseko partidarekin, Granadaren aurka sentsazio onekin joango ginateke”.
Zaldibarkoarentzat Las Gaunasera itzultzea berezia izango da. “Urte asko pasa dira bertan egon nintzenetik. Leku berezia da niretzat, Las Gaunas. Hiru urtez egon nintzen bertan eta une gozoak bizi izan nituen. Bigarren B mailatik Bigarren mailara igo ginen. Zelai polita da jokatzeko. Partida polita izango da”, azpimarratu du.