Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Gozamena izan da"

Mendilibarrek aitortu duenez, "Etxean bezala sentitzen naizen klub bat utzi dut"

Jose Luis Mendilibarrek agerraldia egin du hedabideen aurrean gaur Ipuruan. Prentsaurreko jendetsu batean "oso eskertuta" azaldu da sei urte hauetan klubean egin duen bigarren etapan.

"Amaiari, Kontseiluari eta Kirol Zuzendaritzari eskerrak eman nahi dizkiet duela sei urte honera berriz etortzeko aukera emateagatik. Eskerrik asko lantaldeari, egunerokotasunean lana partekatu dudan jendeari eta jokalariei".

Zaldibarkoak hitz bereziak izan ditu zaleentzat, denboraldi hauetan guztietan giltzarri izan direlako. "Pena da azken urte eta erdian gurekin egon ez izana. Baina ziur nago etorkizunean ere hor egongo direla".

Mendilibarrek aitortu duenez, "Etxean bezala sentitzen naizen klub bat utzi dut. Nire lehen etapan urtebete baino ez nuen egin, baina asko markatu ninduen eta ordutik eibarzalea naiz. Sei urtez hemen egotea oso berezia izan da".

"Egunero Atxabalpera joatea eta fisioak, zerbitzu medikoak, lanabesak, lorezainak... ikustea gozamena izan da. Egunerokoa oso polita izan da. Horrekin geratuko naiz".

Entrenatzaileak ere klubaren etorkizunaren inguruan mintzatu da. "Lan egiteko eta etorkizunari begiratzeko garaia da, baina klubean horretara ohituta daude eta ez dut zalantzarik oso ondo egingo dutela".