Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: "Ezin gara gutxiago sentitu, konplexurik gabe lehiatu behar dugu"

Entrenatzaile armaginak jokatzeko moduan dituen 22 jokalariak deitu ditu

Jose Luis Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du taldeak Sevilla FCren aurka jokatuko duen partidaren atarian (Ipurua, 14:00). Bere esanetan, "Ezin gara gutxiago sentitu, konplexurik gabe lehiatu behar dugu".

Entrenatzaile armaginak jokatzeko prest dituen 22 jokalariak deitu ditu partida honetarako. Kevin Rodrigues da baja bakarra.

"Atletico Madrilen aurka bezala lehiatzen bagara, irabazteko aukera izango dugu. Sevillak Atletikok baino gehiago izan nahiko du baloia, baina atzean jokatzen ere badakite, defentsan eta kontraerasoan, jokalari onak dituztelako".

Mendilibarrek azpimarratu duenez, Sevillaren "bertute nagusia gauza askotara egokitzeko ahalmena da". "Gol bat sartzen dutenean badakite eusten, pauso batzuk atzera egiten dituzte abantailarekin doazenean eta ondo moldatzen dira".

"Ditugun aukerak aprobetxatu behar ditugu, baina haiek ere aukerak izango dituzte. Kontrako zelaian jokatzen saiatu behar dugu, haiek baloia atzetik atera dezakete baina zuzenean jokatu dezaketela ere jakin behar dugu. Gure ate inguruan abantailarekin aritu behar gara sustoak har ez ditzagun. Hori ondo egiten badugu, irabazteko aukerak izango ditugu".

"Etxean irabazi behar dugu, partida bakarra irabazi dugu orain arte eta asko kostatzen zaigu. Badakigu nolako zailtasuna duen, baina uste dut haiek ere badakitela nolako zailtasuna jarriko diegun. Hori garrantzitsua da, euren jokoa asko zailtzea eta ditugun aukerak aprobetxatzea".

"Joko estilo ezberdineko taldea da eta egoera ezberdinetara ondo egokitzen dira. Baloiaren jabetza izan dezakete eta gustura daude baina baloirik gabe ere, gustura egon daitezke".

"Sevilla oso talde zorrotza da, Europa Liga irabazi du eta Championsera sailkatu da azken urteetan. Lehen hiruren artean sartzen saiatzen ari da urtero. Lehen hiruen talde horretan sartu nahi dute. Lopetegiren kontratua berritzeak berarekin pozik daudela adierazten du. Sevillan jokatzen ikusten duzunean erraz igartzen da Lopetegiren taldea dela, berak nahi duena egiten dute".

Aurreko denboraldian Ipuruan jokatutako partidari buruz, errepikatzea "zaila" izango litzatekeela esan du. "Gutxitan gertatzen da. Normalean urtean behin horietakoren bat gerta daiteke, baina espero dut atsedenaldira 0-2 ez joatea eta irabaztea eta hiru puntuak lortzea, oso zaila dela jakinda".