Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: “Erraza izango dela pentsatzen badugu ustekabean hartuko gaituzte”

Eibarreko entrenatzaileak bigarren taldeko jokalariekin osatuko du deialdia

Mendilibarrek prentsaurrekoa eskaini du Errege Kopako bigarren kanporaketa jokatu aurretik. Igandean Cacereñoren aurka arituko dira (Principe Felipe, 12:00). Entrenatzaile armaginak adierazi du, “partida erraza izango dela pentsatzen badugu ustekabean hartuko gaituzte”.

Zaldibarkoaren esanetan, “talde ona dute. bi edo hiru partida ikusi ditugu. Badakigu nola jokatzen duten eta prest gaude aurre egiteko. Haiek ilusio askorekin egongo dira, beren zelaian jokatzen dute, beren jendearen aurrean. Pentsatzen dut zelaia beteta egongo dela eta ez dela erraza izango”.

Prestatzaile armaginak esan du SD Logroñesen aurka gertatutakoaz ikasi behar dutela. “Badakigu Logroñesen aurka lehen zatian zer gertatu zitzaigun. Ez ginen ondo aritu. Hortaz, ez bagara zentratuta irteten zelaira partida zaila bilakatuko da”. Entrenatzaileak ohartarazi du, “hirugarren mailako taldea da baina bi kanporaketa gainditu dituzte. Beti gelditzen da lehen mailakoren bat kanpoan eta adi egon behar dugu gu ez izateko”.

Azkenik, Mendilibarrek esan du, “Kopako partidak ondo datoz minutu gutxien izaten ari direnentzat. Horrez gain, filialeko jokalariek ere parte hartuko dute ditugun bajei aurre egiteko”.