
Mendilibar: "Daukagun guztia emanez gero, irabazteko aukerak izango ditugu"
Eibarreko entrenatzaileak esan du Wandako 5-0ak "lagundu" egingo digula, "Gaizki gaudela ikusarazi digulako"
Jose Luis Mendilibarren ustez, bihar Granadaren aurkako partidan, "Dugun guztia ematen badugu eta jokatu behar dugunera jokatzen badugu, irabazteko aukerak izango ditugu".
31. jardunaldiko partidaren atarian, igandean Wanda Metropolitanon lortutako emaitzak "lagundu" egingo digula azpimarratu du entrenatzaile armaginak.
"Ona da emaitza hori, zaplasteko handi bat jo digutelako eta gaizki gaudela ikusarazi digulako. Badirudi 1-0 edo 2-1 galtzen badugu partida barruan gaudela eta ez da horrela. Horrelako zartako batek zera gogorarazten digu: ez badugu espabilatzen denbora gutxi geldituko dela altxatu ahal izateko".
"Askoz oldarkorragoak izan behar dugu. Wandako lehen 40 minutuetan ez ginen gaizki ibili, baina bi aldiz bakarrik heldu ginen kontrako areara eta ez genuen behin bakarrik atera jaurti partida osoan. Horrela ezin da. Huts egin dezakezu, baina gehiago iritsi behar gara kontrako areara. Gutako bakoitzak gehiago eman behar dugu".
"Beti izan gara talde ausarta. Baina behin ere ez badugu atera jaurtitzen, ezinezkoa da gol bat sartzea. Aurkariak ez digu axola behar nire ustez egin behar duguna egiteko. Estutu egin behar dugu, aurkariaren areatik gertu jokatu guretik baino askoz gehiago". Horrez gain, "ezin digute golik sartu alboko erdiraketetan oso atzean defendatzen ari garen seinale delako. Gauzak horiek dira aldatu nahi ditugunak, baina orain arte ez da posible izan".
Armaginen entrenatzaileak espero du "eman beharreko pauso hori ematea Granadan hiru puntuak eskuratzeko". Bere esanetan, "ezinbestekoa da ikus dadila irabazteko gai den talde bat garela. Ostera gol aukerak huts egin ditzakegu baina aukerak behintzat izan behar ditugu".
Granada "orain arte ondo eman zaigu, baina estatistikak dira", onartu du Mendilibarrek. "Oraintxe bertan apustu etxeetan inork ez luke guregatik jokatuko, nola gauden eta nola dauden ikusita".
"Uste dut oso partida gogorra izango dela guk ondo lehiatzen badugu. Granada izan behar da aurreko denboraldietan izan garen ispilua. Une jakin batean golak jaso ditzakete, baina jokatu behar dutela uste dutenera jokatzen jarraitzen dute, eta hori da guri aurten kostatzen ari zaiguna. Haiek bezala lehiatzen ez bagara, partida galduko dugu".
Superligaren proiektuari buruz esan duenez, "24 ordutan gertatu denak asko esaten du nola antolatu den inguruan. Horrez gain, zalen ingelesen adibidea da azpimarratu du eta esan du, "hemen, berriz, gehien dutenek esaten dutena egiten dugula, beste leku batzuetan buelta emateko gai diren bitartean".