Skip to main content
Lehen Taldea

Mendilibar: Celtak ez du lehen mailako beste edozein talderekin inongo zerikusirik

Eibarren entrenatzailearen ustetan beste bi garaipen nahikoak izango dira maila mantentzea lortzeko

There are no reactions yet. Be the first!

SD Eibarren entrenatzailea den José Luis Mendilibarren hitzetan, biharko aurkariak "ez du lehen mailako beste edozein talderekin inongo zerikusirik".

Bihar Balaidosen (22:05h) jokatuko den partida aurreko prentsaurrekoan adierazi duenez "Celtak intentsitate eta erritmo handian jokatzen du, eta goian jende asko izatea du gustoko".

"Aurkariaren zelaian jokatzen du asko, ez da erraza izango. Ordenik gabe ari direla dirudi baina ez da hala, aurkaria desantolatzea bilatzen dute. Euren joko estiloak area barruan jokalari asko sartzera behartzen zaitu, eta gero kosta egiten da gora iristea. Oso ongi dakite zertan ari diren".

Celtaren aurka emaitza on bat lortze aldera "ausarta izan, egiten duzun horretan sinetsi eta hasieratik gauzak ongi ateratzea" izango dira gakoak. "Partida entretenigarria izango da, biek jokatu nahiko dugu bestearen zelaian. Aurkariaren area inguruan bazaude aukerak izatea da normalena".

Dani García kapitainaren bajagatik (txartel pilaketagatik zigortuta dago) galdetuta, "partida guztietan batean izan ezik titular izan da" baina "ez dago ezinbestekoa den inor, beti dago falta dena ordezka dezakeenik".

"Dani ordezkatu dezakeen jendea daukagu taldean, eta aste guztian ausentzia honen arabera egin dugu lan. Ez dut uste inongo arazorik izango dugunik".

Maila mantentzea lortzeko beharko diren puntuei buruz galdetuta, "gure eskuetan daukagu, baina ez dakit partida bat edo bi falta diren, edo jada lortu dugun, bi baino gehiago ez behintzat". "Azkenean behean beti dago zuk uste baino puntu gehiago lortzen dituen talderen bat".