Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Bolada onean gaude eta kanporaketa pasatu ahal dugu

SD Eibar taldea joanerako partidako 2-3koa iraultzen saiatuko da bihar Kanaria Handian

Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzaileak gaur bertan esan du bere taldea «bolada onean» dagoela, eta Errege Kopako final-zortzirenetako «kanporaketa pasatzeko moduan» dela, Ipuruan UD Las Palmasen kontra 2-3 galdu zuten arren.

«Joaneko partiduko emaitza txarra izan zen, baina gainontzekoa positiboa da: hiru garaipen jarraian lortzea, Ponferradinaren aurkako kanporaketari buelta eman izana eta Las Palmaseko ligako partiduaren 0-2ko emaitza. Dena da positiboa, emaitza izan ezik. Kanporaketa pasatzea espero dugu», adierazi du.

Mendilibarren deialditik kanpo geratu dira min hartuta dauden Jaime, Arruabarrena, Lillo eta Escalante (azkenengo zigortuta ere dago); Hajrovic, zigortuta; eta Ramis eta Dani García. Gainontzeko lehen taldeko jokalariak deialdian izango dira, harrobiko taldeko Iñigo Barrenetxea erdilaria eta Thaylor Lubanzadio aurrelariarekin batera.

«Biharko partidan aldaketak izango dira, igandean jokatu zutenetatik 2 edo 3 baino ez baitira egongo hamaikakoan», adierazi du Mendilibarrek.

Aurkariari buruz, Zaldibarreko entrenatzaileak esan du taldeak ez duela zerikusirik entrenatzailea aldatu zuenetik. «Euren jokaldia ez da asko aldatuko, Quique Setién dagoenetik daukatenaz. Posesioan sinesten dute eta haien atzean korrika egin dezagun saiatuko dira».

Atzo bertan iragarritako Gonzalo Escalanteren 2020ra arteko fitxaketaz galdetu ziotenean, hauxe adierazi du Mendilibarrek: «Klubak etorkizunean pentsatzen du halako ekarpena egiten diguten jokalarien kontratuak berritzerakoan. Denboraldia aprobetxatzen ari da, azken momentura arte itxaron barik, hurrengo udan 12 fitxaketa egin behar ez izateko».