Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Atleticok orain Simeonerekin ia beti jokatu duen moduan jokatzen du

Eibarren entrenatzaileak bere taldea gogotsu eta fisikoki ondo dagoela dio

SD Eibarreko entrenatzaile Jose Luis Mendilibarek gaur adierazi du, Atletico de Madrid ia beti Diego Simeonerekin jokatu duen moduan aritu dela azken partiduetan eta hori dela “gehiago euren futbol estiloa”.
Larunbatean Ipuruan (16:15etan) jokatuko den partiduaren aurreko prentsaurrekoan, joan den denboraldi amaieran eta oraingoaren hasieran Atleticok “modu alaiagoan, erasoko jokalari gehiagorekin” jokatu duela adierazi du. Baina orain, “Koke ezkerrera bueltatu da eta Juanfranek hegaleko defentsaren aurretik jokatzen du”, Mendilibarren esanetan.
“Partidu gogorra izango da. Oso talde gogorra da, presarik gabe jokatzen duena, gola hainbat modutan egin dezakeena. Jokalari guztiek egiten dute lan, zaila da eurei gola egitea eta hortan ere oinarritzen dira. Ondo dakite nola jokatzen duten eta zaila da eurei aukerak egitea. Horrek asko esaten du talde baten gainean. Talde batek ondo defenditzen badu, lanaren %50a egina dauka. Atleticok ondo defenditzen du eta estrategiaz, abiaduraz eta gauza askorekin erasotzen du”.
Bere taldeari buruz, joan den ostegunean Iruñean garaipena lortu ostean, taldea “gogotsu eta fisikoki ondo” dagoela azpimarratu du Mendilibarrek. “Irabazten duzunean giroa onagoa da beti eta mentalki hobeago zaude”.
“Gure estiloa ez dugu asko aldatuko. Euren defentsan zuloak sortzen saiatuko gara aukerak egitea lortzeko”.
Eibar, emaitza positiboa lortzeko aukerak edukitzeko, “joan behar denean joan behar da aurrera, area hertzean denarekin joan, gelditu gabe, bueltan eurek min handia egin ahal digutela jakinda”, Mendilibarren ustetan. “Ezin gara gero egin ahal diguten minean pentsatzen iritsi area hertzera, gola egiteko pentsaerarekin baizik”.
Neguko merkatuan taldea indatzeko aukerarengatik galdetuta, Mendilibarrek berdin pentsatzen jarraitzen duela adierazi du nahiz eta Kike Garcia denbora luzerako lesionatu den. “Daukadanarekin pozik nago eta denboraldi osoan aguantatzeko nahikoa dela uste dut”, ez bada, behintzat, “sei hilabeterako baizik, etorkizunera begira Klubarentzat garrantzitsua izan daitekeen norbait etortzen”.
“Gero, jokalariren bat utzita edo sei hilabeterako etorri daiteke, baina berdin pentsatzen jarraitzen dut. Behetik datozen jokalariei eskua luzatzeko aukera ere bada. CD Vitoriakoak entrenatzera datoz eta norbaitek partiduren batean lagundu behar badigu, etorriko da. Harrobian lehen taldeari laguntzeko jendea dagoela ikustarazteko modua da”.