Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: Athletic eta biok nahiko antzeko taldeak gara

Mendilibarrek 18 jokalari ditu eskuragai euskal derbiari begira

Jose Luis Mendilibarrek astelehenean Athletic Cluben aurka 20:45etan jokatuko den partiduaren aurreko prentsaurrekoan adierazi du Athletic Club eta SD Eibar “nahiko antzeko taldeak” direla. Zentzu horretan zera adierazi du, “biok goian presionatzen dugu, arerioaren zelaian jokatzen saiatzen gara, defentsak aurreratuta jartzen ditugu, hegaletik jokatzen dugu eta area guneak okupatzen ditugu. Hori egitea lortzen duenak asko dauka irabazita”.

Entrenatzaile armaginak 18 jokalari ditu eskuragai asteleheneko euskal derbirako, Ivan Ramis, Antonio Luna eta Ruben Peña euren lesioengatik berreskuratu ostean.

Datorren denboraldian Europa Leaguen jokatu dezaketen bi talderen arteko partidua dela aipatu diotenean, “Europa eurentzat helburua da, baina guretzat ez. Irabazten badiegu, sailkapenean berdinduta geratuko gara eta Europan sartzea saria izango litzateke guretzat”, adierazi du Mendilibarrek.

Eibarren entrenatzaileak garrantzia kendu dio joan den domekan Real Betisen aurka jasandako porrotari. “Hiru partidu jarraian irabazi ostean Sevillan galdu genuen eta ematen du hondamendia dela”. “Taldeak ondo entrenatzen eta lehiatzen du, denboraldi osoan zehar talde oso ona izan dugu, hainbeste jende lesionatu zaigun arren, partidu oro lehiatu dugulako eta hor gaudelako”, esan du Zaldibarkoak.

Mendilibarrek adierazi duenez, “Athleticen aurkako partiduan lehiatzen jakin behar dugu”. “Ahalik eta akats gutxien izaten saiatu behar gara eta euren akatsak baliatu behar ditugu. Partiduko lehen hamar minutuetan ikusiko da talde bakoitza nola irteten den”, zehaztu du.

Entrenatzaile armaginak Ernesto Valverde Athletic Clubeko entrenatzailea goraipatu du. “Athleticek izan dezakeen entrenatzaile onena da eta horrela erakutsi du egon den bi sasoietan. Kontua da denborarekin jendea nekatu egiten dela, eta gehiago hitz egiten da akatsez, ondo egiten diren gauzez baino.

Dani Garciak Bilboko taldearen aurka jokatuz gero, bere 100. partidua jokatuko luke Lehen Mailan. Mendilibarrek kapitain armagina zoriondu nahi izan du horregatik eta “ea bi edo hiru urte barru Lehen Mailan 200 partidu jokatu dituela esan dezakeen”, gehitu du.