Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Mendilibar: 14 partidutan ez dut nahi 24tan egindakoa zapuztu

Teknikari armaginaren prentsaurrekoa bihar Anoetan jokatuko den derbiaren aurretik

Jose Luis Mendilibarrek gaur adierazi du bere nahia dela La Ligako azken 14 partiduetan “aurreko 24etan egindakoa ez zapuztea” dela.

Bihar Real Sociedaden aurka Anoetan jokatuko den partidu aurreko prentsaurrekoan, Mendilibarrek adierazi du Capa eta Fran Ricoren bajak dituela, zigortuta eta lesionatuta egoteagatik hurrenez hurren, iraupen luzeagorako lesionatuta dauden Riesgo, Kike Garcia eta Nano Mesaz gain.

Honakoa da deialdia: Yoel, Markel Areitio, Arbilla, Dos Santos, Ramis, Lejeune, Gálvez, Luna, Dani García, Escalante, Adrián, Cristian Rivera, Pedro León, Inui, Bebé, Rubén Peña, Sergi Enrich eta Josué Dorrio.

 “Talde biak ondo gaude. Hiru egun aurretik partidua eduki izanak, nahiko justu heltzea suposatzen du. Esfortzu handiak egiten ditugu eta berreskuratzea kostatzen zaigu, baina taldea ondo dago buruz eta hori da garrantzitsuena”.

Taldearen helburuen gainean, “ondo gaudela eta bihar partidua daukagula bakarrik pentsatzen dugu”, adierazi du. “Ezin dizu haratago pentsatzeko denbora ematen. Mailari eustea lortu dugula uste dut eta lehen 10en artean egotea nahi dugu. Sailkapenaren bigarren zatia ez dut ikusi nahi ere. Oso denboraldi ona daramagu eta ez dut nahi 14 partidutan 24tan egindakoa zapuztu. Hori da nire lehen ideia. Gauzak ondo irteten badoaz, gehiagorako aukerak ditugu, gauza handiak egiteko”.

 “Moral aldetik oso indartsu gaude, ezin indartsuago. Jendea pozik dator entrenamenduetara eta hori da garrantzitsuena. Lanpostura pozik bazoaz, lana hobeto egingo duzu. Ez dut amets egin nahi, nahiago dut hankak lurrean eduki. Edozein tokitara goazela, irabaztera goaz. Ideia berarekin jarraitzen dugu eta bihar irabazteko aukerak ditugula pentsatzen joango gara Donostira”.

Biharko partiduaren inguruan, “euren futbola egiten badute, baloiaren atzetik egingo dugu korrika. Presio ona egiten badiegu, gaizki pasatuko dute”.

 “Oso garrantzitsua izango da euren zelaian egotea. Biek  nahi dugu hori, nahiz eta modu ezberdinean izan. Errealak gehiago konbinatuz, atzetik jokatuz, eta guk presio eginez, baloia gutxiago ukituz, futbol zuzenagoa eginez. Arerioaren zelaian denbora gehien pasatzen duenak, zerbait izango du alde. Horrek ez du esan nahi irabaziko duenik, baina horretarako aukera gehiago izango ditu”.

Errealaren inguruan, bere jokoan “sendoa” izaten itzuli bat daramala eta “ondo jokatu gabe” irabazteko gai dela harritzen dio.

 “Aurrekontuak esaten du horretarako borrokatu dezakela. Aurrekontuarengatik Erreala gu baino gorago dago eta gu baino gorago geratu beharko litzateke. Baina dena ez da aurrekontua eta dirua. Sevilla, adibidez, Barça eta Madriden alboan ari da. Guk ea berean jarraituko dugun zalantzak ditugu, Sevillak hor jarraituko duela dauden zalantzak bezala.

Gipuzkoak, probintzia txikiena izanda, La Ligako lehen 7 taldeen artean 2 edukitzeaz galdetuta, “tokiren batean gauzak ondo egiten ez direnean, ondo egiten den tokiak ikusten dira”, azaldu du.