
Dos Santos: Pozik nago hurrengo denboraldian ere kolore hauek eta armarri hau defendatzeko aukera izango dudalako
Atzelari argentinarrak SD Eibarrekin duen kontratua 2017ko ekainera arte berritu du
Mauro Dos Santos SD Eibarreko erdiko atzelariak esan du, Eibarrekin duen kontratua 2017ko ekainera arte luzatu eta gero, «oso pozik» dagoela «beste denboraldi batez hemen egoteko eta kolore hauek eta armarri hau defendatzeko aukeragatik».
«Urte handia izan da, lehen itzulian aldea atera genien atzetik geneuzkan taldeei. Bigarrenean ez ginen horren fin ibili, baina gure helburua mailari eustea izan da beti. Eskerrak eman nahi dizkiet Mendiri, Iñakiri (Bea) eta laguntzaile tekniko guztiei, hasieratik dena eman zidatelako, bereziki entrenatzailearen konfiantza, hori da-eta garrantzitsuena».
«Klubetik den-dena baloratzen dut. Hasiera-hasieratik, ireki egin zizkidaten aldagelako ateak, kalean ere jendearen maitasuna nabaritu dut, baita klubeko jendearena ere. Klub txikia da hau, aurrekontu baxua dugu. Halere, frogatu dugu guztiok bat eginda gaudenean, edozer gauza egin dezakegula».
Denboraldi honetako jokalari asko hurrengo urtean hemen egongo direla-eta, zera esan du Argentinako jokalariak: «oinarria hor zegoen lehen unetik, jokalari berri asko etorri ginen eta espero dezagun oinarri berarekin jarraitzea. Datorren urtean badago hobetzeko parada eta gauza on asko egin ditzakegu».
Liga amaierari begira, Mauro Dos Santosentzat helburua 45 puntuen langa gainditzea eta denboraldia lehen hamar sailkatuen artean amaitzea da. «Hiru puntuak zaleei eskaini nahi genizkien (Betisen aurkako partiduan). Ez zen posible izan, baina puntu bat eskuratu genuen eta orain badugu 46 punturaino heltzeko aukera».