Markelen egunik zoriontsuena
Markel Mayora txikia, Sergi Enrichen jarraitzaile amorratua dena, SD Eibar Fundazioari esker ohartu da batzuetan ametsak egi bihurtzen direla
Eibarrek Deportivoren aurkakoa jokatu zuen apirileko arratsalde hotz hartan, Markel Mayora 8 urteko bazkide eta Sergi Enrichen jarraitzaile amorratua Ipuruan zen aita Ikerrekin eta aitona Maizekin. Partida osoa egon zen jokalari kutunari animoak emateko eta kamiseta eskatzeko marrazki bat zuen etxean egindako bandera astindu eta astindu.
Zoritxarrez, haize-kolpe batek bandera kendu zion eskutatik, eta eserlekuaren eta harmailaren artean kateatuta geratu zen. Berdinketak eragindako pozak lagundu zion Markeli bandera galtzearen atsekabea gainditzen.
Hurrengo egunean, zelaia garbitzeko lanetan, bandera aurkitu zuten beharginek eta SD Eibar Fundazioak ametsa egi bihurtzeko prozesua martxan jarri zuen. Sare sozialen bitartez lortu zuen Markelen familiarekin harremanetan jartzea. Hala, denboraldia amaituta, familiak Ipuruara eraman zuen Markel eserleku-aldaketa baten aitzakian.
Sekula ez zuen pentsatuko Markelek bizitzan lehen aldiz Ipuruako berdegunea zapaltzean eserlekuan zain izango zuela Sergi Enrich, marrazkia itzuli, partida hartan erabili zuen kamiseta oparitu eta futbolean pixka batean jokatzeko.
SD Eibar Fundazioak bultzatuta elkar ezagutu zuten jarraitzaileak eta bere jokalari kutunak, eta, horrela, Markel txikiak ikasi zuen batzutan ametsak egi bihurtzen direla.