Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Malena Mieres: “Deporren aurkako neurketa beste partida guztiak planteatzen ditugun moduan egingo dugu, gure jokoa eginez eta bukaerara arte aukerekin iristen saiatuz”

“Primera Iberdrola ligan urduriago edo presio gehiagorekin sentituko nintzela pentsatzen nuen, baina taldeak asko lagundu nau eta oso pozik nago”.

Malena Mieres atezainak prestaurrekoa eman du Deportivo Coruñaren aurkako partidaren atarian. Armaginek Galiziako taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak larunbatean 12:00tan Unben. “Deporren aurkako neurketa beste partida guztiak planteatzen ditugun bezala planteatuko dugu, gure jokoa eginez eta partida amaierara aukerekin iristen saiatuz” esan du Mieresek.

Jokalari armaginak bertatik bertara ezagutzen du aurkaria, talde galiziarrean jokatu baitzituen hiru denboraldi. "Deporren proiektuaren hasieran hasi nintzen eta oso oroitzapen onak ditu” aitortu du atezan armaginak. “Denboraldi txar bat igarotzen ari dira, baina aterako dira, ziur naiz, eta guk lehiakorrak izan beharko dugu”, esan du Mieresek.

Atezain armaginak 22 neurketa jokatu zituen joan den urtean, guztira 1980 minutu. Primera Iberdrola ligan “beste maila bat dago eta hori nabaritu egiten da” esan du Mieresek. Hala ere, “pentsatzen nuen urduriago edo presio handiagoa nabarituko nuela, baina taldeak asko lagundu nau eta oso pozik nago” aitortu du.

“Joan den denboraldiarekin alderatuta, taktikoki eta teknikoki hobeto dago taldea. Gure erara jokatzen jarraitzen dugu eta hori da garrantzitsuena” esan du.

Urte bukaerara arte, armaginek bost partida jokatuko dituzte. Dorronsororenak Deportivo, Sevilla FC, Rayo Vallecano, Santa Teresa eta Valentziaren aurka lehiatuko dira. “Puntu garrantzitsu hauek lortzen saiatu behar gara” esan du Mieresek.