
Lehen zatian nagusi izan arren porrota jaso du EIbarrek Villarrealen aurka
Castellondarrek Ander Caparen golari buelta ematea lortu dute eta 1-2 garaitu dituzte armaginak
Eibar saririk gabe gelditu da 35. minutura arte kontrolpean izan duen partidan. Ander Caparen hasierako golari buelta ematen jakin izan du Villarrealek, eta hiru puntuak etxeratzea lortu du.
Armaginak indartsu eta abiadura handian hasi dira, eta lehen minutua betetzear zela, Borja Bastónek defentsari tokia irabazi ostean gola sartzeko aukera bikaina izan du.
Mendilibarren taldeak izan du iniziatiba hasiera-hasieratik, eta golaukera gehiago sortu ditu, 8. minutuan Inuiren jaurtiketa esaterako, korner jaurtiketa baten ostean iritsi zaion aldaratzean.
Etxekoen gola 22. minutuan iritsi da, hondoko marratik Jotak egindako paseak Borja ukitu eta Caparen hanketara iritsida, jaurtiketa gogorra egin duena partidako lehen gola sartzeko.
Golaren ostean, Villarrealek bere lerroak ireki ditu eta izan duen lehen aukera garbia sare barrura bidali du. Riesgok Soldadoren lehen jaurtiketa urrundu du baina baloia Adriánen hanketara iritsi da, bigarren zutoinean ate hutsean gola eginez.
Castellondarrak ziurtasun handiagoz irten dira bigarren zatian, eta 1-2koa sartu dute berehala jokaldi nahasi batean. Soldadoren jokoz-kanpokoagatik marrazainak banderatxoa altxatu arren, epaileak ontzat eman du jokaldia, Soldadori baloia Eibarko jokalari baten errebotearen ostean iritsi zaiola argudiatuz.
Eibartarrak gogotsu saiatu dira eta azken minutura arte borrokatu dute, baina Villarrealek ezin hobeto kudeatu du bere abantaila, eta hiru puntuak etxeratu ditu gaur arte garaipenik lortu ez zuen Ipuruatik.