
Eibarreko jokalariek derrigorezko azterketa gainditu dute IMQ klinikako Kirol Medikuntzako Unitatean
SD Eibarreko emakumezkoen lehen taldeko jokalariek goi-mailako azterketa medikoa egin dute 2023-24 denboraldia hasi baino lehen, atzo eta gaur bitartean. Azterketak IMQ Zorrotzaurre klinikako Kirol Medikuntzako Unitatean egin dira, taldearen osasun-egoera eta kirol-errendimendua egiaztatzeko.
Yerai Martínen jokalariak IMQ klinikako Kirol Medikuntzan espezialista den Pablo Aranda doktoreak artatu ditu, baita SD Eibarreko Zerbitzu Medikoetako hainbat profesionalek ere; adibidez, Honorio Martínez doktoreak proba osagarriak egin ditu. Zigor Madaria medikuak, euskal aseguru-etxeko kardiologoak, ekokardiografiak egin dizkie taldeko kideei.
Azterketa medikoak eta esfortzu-proba
Proba fisikoak egiten hasi aurretik, jokalariei ekokardiografia bat egin zaie (bihotzaren ekografia), haien osasuna hobeto aztertzeko eta beste proba batzuen bidez antzematen ez diren kardiopatiak detektatzeko. Azterketan, balorazio zineantropometrikoa ere egin zaie, hots, pisua, altuera eta larruazaleko tolesturak neurtzea, gorputz-gantza zehazteko.
Jarraian, jokalariak atseden-egoeran aztertu dituzte (bihotzeko auskultazioa, biriketako auskultazioa, elektrokardiograma eta tentsio arteriala). Horren ostean, lasterketa egiteko tapiz batean esfortzu-proba egin zaie. Azken proba gehieneko mugaraino igotzen den eta laktatoak zehazten dituen esfortzu inkrementaleko proba da. Proba-mota hori baliagarria da entrenamendu-saioen programazioa optimizatzeko.
IMQ, Eibar taldeko aseguratzaile mediko ofiziala
IMQ klinika SD Eibar taldearen aseguratzaile ofiziala da 2016/2017 denboralditik. Klub armaginak eta IMQ-k 2022an berritu zuten kirol-babesletzaren akordioa, eta, hitzarmen horren bitartez, euskal aseguratzailea, kirol-taldearen babeslea ez ezik, klubeko lehen taldearen eta staff teknikoko kideen babeslea ere bada, eta guztiei zerbitzu medikoa ematen die.
IMQ-ko Kirol Medikuntzako Unitateak arlo horretako punta-puntako teknologia dauka, baita Kardiologiako eta Kirol Medikuntzako mediku espezialistak ere, errehabilitazio eta fisioterapia-zerbitzuaren laguntzarekin.