Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Kolpe latza Atleticoren etxean (3-2)

Armaginek gehigarrian galdu dute zurigorrien aurka, 0-2 errenta izan eta gero

Eibarrek Madrileko Atleticoren aurka galdu du Ligako hirugarren jardunaldian. Armaginek irudi ona erakutsi dute talde zurigorriaren aurka baina ezin izan diote eutsi lehen zatian lortutako errentari eta era krudelan galdu dute, izan ere, Atletik markagailua iraultzea lortu du gehigarrian Thomasek egindako golari esker.

Partidaren hasieran bazirudien taldea azken urtetan lortutako emaitza onei jarraipena emateko gai izango zela. Hasi eta berehala, Charlesek eibartarrak aurreratu ditu Orellanak area barruti egindako erdiraketa ederki burukatu ostean. Hori gutxi balitz, minutu batzuk beranduago, Arbillak errenta handitu du area kanpotik egindako golari esker. Oblakek ez du ezer egiterik izan.

Atsedenaldira iritsi baino lehen, ordean, etxekoen erreakzioa iritsi da. Joao Felixek errenta murriztea lortu du Costaren pasea aprobetxatu eta gero. Bigarren zatian, etxekoak berdinketaren bila atera dira, eta Charlesek gola egiteko abagune garbia izan duen arren, Atletico izan da Dmitrovicen sarea zulatu duena, Vitolok berdinketa ezarri du markagailuan.

Hortik aurrera, Mendilibarren mutilak ondo aritu dira defentsa lanetan. Aurretik joan arrean, punturik gehitzea garrantzitsua zen gaurkoan. Hala izango zela zirudienean, baina, etxekoen hirugarren iritsi da. Kolpea gogorra izan da eibartarrentzat; izan ere, minutu gehigarrian egin du Thomasek garaipenaren gola. Hala, armaginek ezin izan dute punturik gehitu Metropolitanon eta esku hutsik itzuliko dira.