Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Kike García “Ipurua gotorleku bat izan behar da, hiru puntuak lortu eta konfiantza berreskuratzea espero dugu”

Aurrelariak hedabideen galderak erantzun ditu gaur goizean Atxabalpen, entrenamendua bukatu eta gero

Kike García pozik ageri da prentsaurrekoan, azken partiduan denboraldiko lehen gola egin ostean. “Maila pertsonalean, lehenengo gola denez, hainbeste bilatzen nuena, askoz lasaiago geratu nintzen eta pozik nengoen, baina hiru puntuak ihes egiten zutela ikusi eta gero, sentsazio hori aldatu zen. Orain, partida berri bat daukagu etxean gure ordaina hartzeko, Ipurua gotorleku bat izan behar da, hiru puntuak lortu eta konfiantza berreskuratzea espero dugu”.

Kikek Mendilibarrekin harreman ona duela baieztatu du: “Misterrak konfiantza handia eman dit eta hori eskertzekoa da, jokalari guztiak eskuragarri dauzka eta. Entrenamenduetan gauzak zailak jartzen dizkiogu eta hori borroka bat da berarentzat eta gauza ona taldearentzat, lan gogor hori asteburuan zehar ikusten delako, partiduetan maila ona emanez”.  

Gaur goizean, jokalari guztiak normaltasunez lan egin dute, intentsitate handiko entrenamendu batean. “Egia esan, lehiakortasun handia dago aurten, guztiak gaude entrenatzailerentzako eskuragarri, talde ona gara, giro onarekin eta erabakiak berak hartzen ditu eta guk errespetatzen ditugu”.

Igandeko norgehiagokari begira, armaginek Ipuruan Villarrealen kontra jokatuko dutena, Mantxako aurrelariak hiru puntuak etxean geratuko direla uste du. “Defentsan sendoak izan behar gara, badakigu Champions talde baten aurka jokatzen dugula, baina beste talde indartsuen kontra neurtu ditugu indarrak dagoeneko eta maila eman dugu. Gure jendearekin Ipuruan partidu ona egin eta hiru puntuak eskuratzea espero dugu”.