Skip to main content
Harrobia

Jubenilen Ohorezko Mailako Eibar Urko, Euskadiko Kopako txapeldun

Armaginak Danok Bati nagusitu zitzaizkion penalti-txandan

There are no reactions yet. Be the first!

Jubenilen Ohorezko Mailako Eibar Urko taldeak Euskal Kopa irabazi du asteburu honetan Bilboko Danok Bat taldeari penalti-jaurtiketetan irabazita, partida berdindu eta gero.

Final hamaseirenetan partidurik jokatu behar izan gabe aurrera egin zuen Eibar Urkok, eta Hernani kanporatu zuen final-zortzirenetan; Indartsu, final-laurdenetan eta Santutxu FC finalerdietan. Honako hau izan zen Eibar Urkoren hasierako hamaikakoa: Jokin, Barruetabeña, Julen Etxaniz, Artetxe, Barrenetxea; Susaeta, Amutxastegi; José Etxaniz, Gandiaga, De Paz; Unai Arietaleas. Unbeko instalazioak jendez beterik zeuden partida ikusteko, tartean klubeko presidentea, Amaia Gorostiza zegoelarik. Norgehiagoka oso berdinduta hasi zen, bi taldeek errespetu handi zioten elkarri eta jokoak ez zuen jarraitasunik. Lehen zatiaren erdialdean, eskuineko erdiraketa bat buruz sarera bidali zuen Unai Arietaleanizbeaskoak, 1-0ekoa lortuz. Gutxi iraun zuen, ordea, pozak Unben, hamar minutu beranduago, atsedenaldia baino zertxobait lehenago, Danok Batek berdinketa lortu baitzuen korner-jaurtiketa batean.

Bigarren zatian, Danok Bat gorago hasi zen presioa egiten eta arriskua sortu zuen geldikako jokaldietan, baina pixkanaka-pixkanaka Eibarren presio hori gainetik kentzea lortu zuen, eta arriskua sortzen hasi zen. Aukerarik garbiena Aitor de Pazek izan zuen Joseba Zarragaren kontrako buruz buruko batean, baina Danok Bateko atezainak ederki urrundu zuen baloia. Partidaren amaierarako 5 minutu falta zirenean, Iñigo Susaetak txartel gorria ikusi zuen, eta Eibar 10 jokalarirekin geratu zen. Hogeita hamar minutuko luzapenean Eibarrek oso ondo defendatu zuen berdinketa, ordenarekin eta lan asko eginda, jokalari bat gutxiago izan arren, eta horrela penalti-txandaraino heldu zen.

Penalti-jaurtiketetan Aitor de Pazek, Gorka Amutxastegik, Jon Barruetabeñak eta Ander Arroyok gola sartu zuten SD Eibarrentzat eta poza nagusitu zen Unbeko harmailetan, jokalariek eta talde teknikoak guztiz merezi zuten prestigio handiko txapelketa bat irabazita.