Skip to main content
EU
Harrobia

Jubenilak luzapenean galdu du Euskadiko Kopako finala

Santutxuk 93. minutuan berdindu du partidua aurretik

SD Eibarren Jubenilen lehen taldeak modu lazgarrian galdu du Euskadiko Kopako finala Santutxuren aurka Maionan (Bilbo). Bilbotarrek 93. minutuan berdindu dute partidua eta, luzapenean, amaitzeko 3 minutu falta zirenean sartu dute garaipenaren gola.

Elkarren arteko errespetuarekin hasi dute partidua talde biek. Lehen minutuetan ez da aukera handirik izan, baina egon den arrisku aukera batean Santutxuk markagailuan aurrea hartu du 25. minutuan.

Armaginak berdintzeko hurbil egon dira Eneko Loizatek jaurtitako falta batean 10 minutu geroago, baina baloiak zutoina jo du.

Eibar berdinketaren bila irten da atsedenaldiaren ostean eta 55. minutuan bere helburua lortu du Markel Garciaren eskutik.

Berdinketaren ostean, Eibar gora joan da eta hainbat aukera izan ditu. 85. minutuan Alain Letek markagailuan aurretik jarri ditu armaginak.

Iban Fagoagaren mutilek hurbil ikusi dute Kopa eskuratzea, baina 93. minutuan berdinketa lortu du Santutxuk.

Binako markagailuarekin luzapenera joan da neurketa. Lehen zatian ez da aukera handirik izan, baina Eibar garaipenaren bila irten da azken 15 minutuetan. Hala ere, Santutxu izan da gola lortu duena 117. minutuan, partidua amaitzeko 3 minuturen faltan.

Modu honetan, Eibarrek ezin izan du Euskadiko Kopa bigarren urtez jarraian lortu.