
Jota: Eibarren gakoa lehiakortasuna da, gure onena ematen dugu guztiok
Jokalari galiziarra Vigora itzuliko da datorren larunbatean, futbolari moduan hezi zen tokira
Jota Peleteiroren hitzetan, Eibarren emaitza onen gakoa taldekideen artean dagoen "lehiakortasun handia" da, "eta horrek mundu guztiak bere onena ematea dakar, emaitza onak lortze aldera".
"Jokalari bikainak dauzkagu, eta lantalde ederra, Kluba hazi egin da eta talde ona osatu da", adierazi du Ipuruan emandako prentsaurrekoan".
"Pozik nago taldeari ekarpenak egiteko aukera dudalako, misterrak konfiantza eman dit eta taldeari ahal bezainbeste laguntzen saiatzen naiz, egunero entrenatuz entrenatzaileak kontutan har nazan. Jarraipena izatea espero dut. Oso pozik nago taldearen funtzionamendu onarekin".
Futbolari galiziarraren hitzetan, Eibarren helburua "maila mantentzea da oraindik, hori lortutakoan has gaitezke beste aukera batzuetan pentsatzen. Maila mantentzea ziurtatu arte, hori izan behar dugu helburu". Bere ustez, 42 eta 44 puntu artean "dago zifra seguru hori".
Celtaren aurkakoari buruz, "partida bat gehiago da, baina hau inguratzen duena berezia da niretzat, urte askoan bizi izan bainaiz Vigon".
"Azken finean, zelaian jokatuko diren 90 minutuak hiru puntuak lortzeko aukera bat gehiago dira. Ondoren jendea, taldekide ohiak, familia... ikusteko aukera izango dut. Partida bat gehiago da, irabaztera joan behar duguna. Gero denak lagun, baina helburua irabazten saiatzea izango da".
Vigon "ez dut inorekin arazorik izan", beraz, "ongietorri normala espero dut, harrobian egon den eta lehen taldean irten den norbaiti egiten zaiona".
Ingalaterrako Brentford taldean pasatako urte eta erdiari buruz, "bizipen berri bat izan da, herrialde ezberdin batean, kultura ezberdin eta futbol ezberdin batean". "Oso azkar moldatu nintzen hara, ia partida guztiak jokatu nituen, golak egin nituen eta igoerako play off-a jokatu genuen. Heldutasuna eta futbol esperientzia lortzeko balio izan dit".
"Futbol ingelesa intentsoagoa da, baina ez hain taktikoa. 'Box to box' deituriko futbola da, non erasoa eta defentsa denen artean egiten den. Hemen taktikak eta pausak garrantzia handiagoa dute. Bi futboletan gozatu dut, eta gozatzen jarraitzen dut".