Skip to main content
EU
Kluba

Jose Luis Mendilibarrek beste denboraldi baterako sinatu du Eibarrekin

Zaldibarkoak zuzentzen duen lan taldeak bere bosgarren denboraldia jarraian beteko du Ipuruako aulkian

Jose Luis Mendilibarrek Eibarko entrenatzaile izaten jarraituko du hurrengo denboraldian, prestatzailea eta kluba adostasun batera iritsi eta gero. Hitzarmen honen arabera, Iñaki Beak (bigarren entrenatzailea), Toni Ruizek (prestatzaile fisikoa), Andoni Azkargortak (analista) eta Josu Anuzitak (atezainen entrenatzailea) bere lan taldean jarraituko dute.

Mendilibar 2015ko udaran iritsi zen Eibarrera, eta taldea zuzendu dituen lau denboraldietan maila mantentzeko helburua ondo baino hobeto bete du.  

Aurretik ere Eibar zuzendu zuen Mendilibarrek, 2004-2005 denboraldian hain zuzen ere. Taldeak laugarren bukatu zuen Bigarren Mailako sailkapenean, eta Lehen Mailara igotzekotan izan zen.

2017-2018 denboraldian lortu zuen sailkapenik onena Eibarren. Izan ere, talde armaginak bederatzigarren postuan bukatu zuen Ligan, eta Lehen Mailako euskal talderik onena izan zen. Bukatu berri den 2018-2019 denboraldian bere taldeak aise lortu du maila mantentzea, eta 11. izan da, 47 punturekin, Europako postuetatik 6 puntura eta jeitsiera postuekiko 10 puntuko aldearekin.

Amaia Gorostizak, Eibarko presidentak, Jose Luis Mendilibarrek berak eta Fran Garagarza kirol zuzendariak bihar eskainiko dute prentsaurrekoa Ipuruan.