Skip to main content
Lehen Taldea

José Luis Mendilibar: “Lehiatzen saiatuko gara, Bernabéura beste zelaietara bezala aterako

Talde armagina bihar abiatuko da Madrilera, Atxabalpen entrenatu eta gero

There are no reactions yet. Be the first!

Zaldibarko entrenatzaileak jokalari guztiak ditu eskuragarri, Alejandro Gálvez izan ezik. Atzelaria baja da eskuin abduktoreko zuntz-haustura baten ondorioz.  

Astean zehar sare sozialetan hainbeste irakurri den galderari erantzunez, jokalarien jantzi horien inguruan alegia, ireki du José Luis Mendilibarrek gaurko prentsaurrekoa: “Nire ustez, guztiok dauzkagu sineskeriak, nahiz eta ezetz esan. Beti dago konturen bat eta gauzaren batekin irabazten baduzu, errepikatu nahi duzu, baina uste dut zuek haiek baino garrantzi handiagoa ematen diozuela”.  

Taldeak igarotzen ari den bolada ona eta lorturiko emaitza onen inguruan, igandeko partidurako zuhur ageri da: “Ondo lehiatu dugu, baina oraindik ez dugu Madril bezalako taldeekin konpetitu. Berdin dit nola etortzen diren, haiek ez dute ondo edo txarto egon behar irabazteko. Gu ondo gaude eta konpetitzera aterako gara”. Emaitza ona edo txarra lortzea, “haien errua izango da”. Mendilibar zintzoa izan da aurkariari buruz hitz egiterakoan: “Nahiz eta ondo ez jokatu, min handia egiten dute. Erasoko estrategian onenak dira, buruz oso ondo doaz eta jaurtitzaile ezin hobeak dituzte. Denetarik daukate, indar fisikoa, indar mentala… Batzuetan erlaxatzen dira eta gola egin dezakezu, baina horren mende zaude”.

Igandean Madrilen elkarren aurka jokatuko duten bi taldeen artean desberdintasun handiak egon arren, Zaldibartarrak antzekotasunak nabarmendu ditu: “Liga berdinean gaude, parekotasunen bat izan beharko dugu txapelketa berdinean jokatzeko. Azkenean, haiek gu bezalako taldeak behar dituzte konpetitzeko, ez lukete horrenbeste irabaziko talde guztiek euren maila izango balute”.

Amaitzeko, Real Madriletik gehien kezkatzen duena zer den galdetu diote entrenatzaileari. “Guztiak kezkatzen nau, txarto jokatzen egon daitezke eta izorratzen zaituzte. Haiek erlaxatu arte itxaron behar duzu”.