Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Javier Tebasek Futboleko Kluben Kudeaketan Adituen Kurtsoa amaitu du Ipuruan

LaLigako presidenteak hitzaldia eskaini die ikastaroko ikasleei

Javier Tebas LaLigako presidenteak amaitu du SD Eibar Fundazioak eta EHU-k Ipuruako Formakuntza Geletan eskaini duten Futboleko Kluben Kudeaketan Adituen Kurtsoa. Ekitaldia Ipuruako Presidentzia Palkoan egin da eta Amaia Gorostiza SD Eibareko presidenteak EHU-k ekimen honetan izan duen parte hartzea eta Javier Tebasen presentzia eskertu du.

 “Gure instalakuntzen apaltasuna aintzat hartuta, unibertsitate izaera duen titulua bere zelaian eskaintzen duen LaLigako talde bakarra gara. Arlo kuantitatibo batzuetan LaLigako Klub txikienak izanda ere, transparentzia, finantza-kaudimen, lehiakortasun, berritasun eta abarretan eskaintzen dugun balio erantsiagatik harro egon gaitezke”, aipatu du Amaia Gorostizak.

Javier Tebasek, bere aldetik, “beste futbolaz” hitz egiteko, eta “etengabeko bidegurutzean LaLigak hobera egiteko hartzen dituen erabakiak azaltzeko” aukera ematea eskertu dio klub armaginari.

Liga txapelketako arduradun nagusiak SD Eibar bezalako “talde txikiek” LaLigarako duten garrantzia handia azpimarratu du, “produktua ona izatea egiten dutelako”. Eta honakoa gehitu du, “Eibarrek epika saltzen du lehiatzen duen bakoitzean. Presidenteak gainera, etika eta transparentziaren alde egin du futbolaren munduan. “Futbolaren industrian garrantzitsua da balioak izatea, egia esatea eta guztiz gardena izatea”.

Ostean, kurtsoko ikasleei hitzaldia eskaini die Tebasek. SD Eibar Fundazioak eta EHU-k antolatu dute ikastaroa, eta futboleko klub profesional batek bere gain hartzen dituen arlo guztiak batu ditu zortzi modulutan: entrenamendua, kirol-zuzendaritza, harrobia, medikuntza, kirol-nutrizioa, managementa, komunikazioa, finantzak eta kirol-zuzendaritza.

Bere zelaian unibertsitate izaera duen titulua eskaintzen duen LaLigako talde bakarra da SD Eibar.

Kurtsoaren bigarren edizio honetan, Javier Tebasen hitzaldira arte, futbol munduko pertsonaia esanguratsu eta irakasle ospetsuen presentzia jaso du ikastaroak. Besteak beste, Julen Lopetegi hautatzaile nazionala, Fran Garagarza SD Eibarreko kirol-zuzendaria, Jose Luis Mendilibar SD Eibarreko entrenatzailea, eta Athletic Club eta Real Sociedad taldeetako kideak aritu dira; eta baita hezkuntza eta enpresa munduetako profesional ospetsuak ere.