Iñaki Goikoetxea: "Une hauetan aurkari zuzen bati irabaztea oso garrantzitsua da"
Eibarrek RCD Espanyol hartuko du igandean, 18:30ean, Ipuruan, eta partida parekatua eta lehiatua izango dela aurreikusten da.
Lezaman jasotako porrotaren ondoren, Athletic Cluben lehen garaipena izan zena, Eibarrek Ipuruan jokatuko du sailkapenean hurrengo aurkaria den RCD Espanyolen aurka. Aurreko prentsaurrekoan, honakoa adierazi du Iñaki Goikoetxeak: "Lezamako partidan pilatutako amorru hori asteburu honetan gure alde erabili behar dugu", gainera, igandean irabazteak sailkapen orokorrari begira izango lukeen garrantzia azpimarratu du: "Talde asko gaude puntu gutxiko aldearekin, beraz, une honetan aurkari zuzen bati irabaztea oso garrantzitsua da".
Aurkariari dagokionez, honakoa azaldu du: "Espanyol talde ona da, gol gutxi jasotzen ditu eta jokalari onak ditu, batez ere zelai erdian". Gainera, puntu bakar batek bereizten ditu, beraz, jardunaldi honetan puntuak lortzea erabakigarria izango litzateke Eibarrentzat: "Hurrengo asteburuan Di Stéfanon jokatuko dugu Real Madrilen aurka, beraz, igandean Ipuruan hiru puntu lortzeak lasaitasun handia emango liguke bidai hori egiteko".
"Nik uste dut oso ondo lehiatzen ari garela, baina gol falta arazo bat izaten ari da oraindik" azpimarratu du Iñaki Goikoetxeak. Errealitatea da, sailkapenean hamargarren postuan dauden arren, hamar punturekin, Liga Fra igo zirenetik sasoi honetan izan duten posturik onenean, Eibarrek lau gol besterik ez dituela sartu, eta horrek esan nahi du gol bakoitzaren errentagarritasuna oso altua dela: "Uste dut gero eta hobeto gaudela zentzu horretan ere, eta pozik nago taldearen dinamikarekin, goian hobeak izatea falta zaigu puntu gehiago izateko".
Hala ere, entrenatzailea "pozik" eta "konfiantzaz" agertu da taldeak denboraldi hasieratik bizi duen lanarekin eta bilakaerarekin. Taldea, beraz, "gogotsu eta prest" dago igandeko 18:30eko norgehiagokarako.
PRENTSAURREKOA OSORIK