Iñaki Goikoetxea: "Momentu onean gaude, baina partida gogorra espero dugu bihar"
Eibarrek Athletic Club bisitatuko du bihar Lezaman, "momentu txarrean iristen dena hamargarren jardunaldira baina talde oso konpletoa duena"
Eibarrek Ipuruan denboraldiko lehen garaipena lortu ondoren, taldea "ondo entrenatzen eta sasoi onean" dago Lezamara bisita egiteko, denboraldiko bigarren derbian. Nahiz eta Athletic "ez dagoen denboraldi hasiera ona egiten, partida gogorra izango da, erritmo altuan lehiatzen dutelako eta jokalari oso onak dituztelako".
Denboraldi-aurreko lagunartekoan, "ez ginen erritmo horretara iritsi eta asko kostatu zitzaigun; ziur nago gauzak oso zail jarriko dizkigutela". Hala ere, taldea bide onetik doa: "Oso sendo gaude, gero eta hobeto dakigu une bakoitzean non egon behar dugun eta gauzak hobeto egiten ari gara erasoan ere".
"Oraindik asko dugu aurretik" azpimarratu du entrenatzaileak, "nahiz eta taldea bide onetik doan". Liga Fn bi garaipen jarraian lortzea zaila den arren, "asmo eta ilusio horrekin goaz Lezamara", eta horrek "puntu kopuru on batekin jarriko liguke, lanean jarraitzeko lasaitasuna emango ligukeena".
Bide batez, entrenatzaileak aurkariaren eta jokalarien kalitatea azpimarratu nahi izan du. Denboraldi honetan oraindik garaipenik lortu ez badu ere, Athletic Clubek "kalitate handia du eta ziur irabazten hasten denean gora egingo duela". "Gure aldetik, jokalariek konfiantza lortu dute beren buruarengan eta taldean" azken emaitzak direla-eta: "Orain, soilik falta zaigu lasaitasun handiagoa eta erabaki gehiago izatea; baloi gehiago izatea eta min egiten saiatzea, haiek segurtasunik gabe senti daitezen", eta defentsa mailan "batera eta sendo egotea".
PRENTSAURREKO OSOA