Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: "Uste dugu egiten ari garen lanak epe ertainera izango duela bere ordaina"

Emakumezkoen lehen tadeko entrenatzailea pozik da Liga hasieran egindakoarekin

Lau jardunaldi jokatu ostean, emakumezkoen lehen taldeak Reto Iberdrolako lehen geldiunea izan du. Armaginak bolada onean iritsi dira. Ligako estreinaldia porrotarekin hasi bazuten ere, gainontzeko norgehiagoketan sentsazio onak bildu dituzte. Iker Dorronsoreren taldea bost punturekin da sailkapenean, bi berdinketa eta garaipen bat lortu eta gero.

Entrenatzailea pozik da nesken denboraldi hasierarekin. “Taldeak lan bikaina egin du, partida guztiak lehiatu ditugu. Osasunaren aurka galdu egin genuean, baina ostera bi berdinketa eta garaipen bat lortu ditugu. Hortaz, uste dut denboraldi hasiera positiboa eta txukuna izan dela”.

Dorronsorok aitortu du aurredenboraldian neskek egindako egokitze-lana garrantzitsua izan zela. Bere hitzetan “taldea eta proiektua berriak ziren. Aurredenboraldiko lehen sei aste horietan jokalari asko izan genituen gure esku. Bigarren taldetik gazteei ere aukera eman genien. Erronka berri honetan jokalariak ezagutu eta lan asko egiteko auera eman zigun aurredenboraldiak”.

Emakumezkoen entrenatzaileak argi du taldeak berdegunean azaldu nahi duen irudia eta mekanismo horiek neskei helarazten dihardu. “Partiduei erritmo altua jartzen diogu. Bigarren zatietan gehiago izaten ari gara, zentzu horretan aurkariari exijitzen diogu gure erritmoan jokatzen eta ez da erraza. Baloiarekin protagonista izan nahi dugu. Aurkaria nekatu, baloia alde batetik bestera mugitu, sakontasuna lortzeko. Taldea nik uste pixkanaka ari dela mekanismo horiek hartzen eta pozik gaude”.

Astean zeharreko lanaren inguruan Dorronsorok badaki egiteko asko dagoela, baina era berean uste du bide onetik ari direla. “Jende berria dugu eta zentzu horretan kanpotik datorren jendearentzat gauza hauek berriak dira. Ondo ari gara lanean, oraindik falta zaigu engranaje guztia ondo jartzea, baina jokalariak pozik ikusten ditut”.