/
Skip to main content
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: “Optimistak gara eta esan dezakegu igandean partida on bat egin dezakegula eta zerbait lortu”

“Ezin gara erlaxatu, lanean jarraitu behar dugu, gutxi geratzen da baina ahalik eta azkarren bukatu behar dugu”, adierazi du entrenatzaile armaginak

There are no reactions yet. Be the first!

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du igandean Real Madrilen aurka Ligako hogeita hamargarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa igandean jokatuko da 12:00tan Ciudad Real Madrid futbol zelain. 

Entrenatzaile armagina igandean jokatuko duten partidaren inguruan mintzatu da. “Optimistak gara eta baikortasunez esan dezakegu igandean partida on bat egin dezakegula eta zerbait lortu”, aitortu du. “Azken neurketetan egin duguna egiten badugu, hau da, defentsiboki taldea sendo badago eta elkartuta bagaude, kosta egin dakieke guri min egitea”. Zentzu horretan, eta puntuatzeko giltza non egon daitekeen galdetuta, “defentsiboki sendo bagaude, punturen bat ekarri dezakegu”, adierazi du.

Dorronsorok aurkaria ere aztertu du. “Nik uste det hasiera batean kosta egin zitzaiela, azken finean, proiektu berria zen, jokalari berri asko zituzten eta entrenatzaileak nahi zuen hori egiteko adaptazio denbora bat beharko zuten”, esan du. Hala ere, eta orain Real Madril nola ikusten duen galdetuta, “esango nuke talde sendo bat dela eta ziurrenik lehen hiru postuetan geratuko den taldea da”. Zentzu horretan, “igandean aurrean daukagun taldea oso talde sendoa da eta ligako erreferente bat bilakatu da”, aitortu du.

Betisen eta Granadillaren aurka irabazitako lau puntuak taldeari indarra eman dioten galdetuta, “esango nuke taldea konfiantza handiarekin dagoela”, erantzun du. “Granadillaren aurkako partidan gure nortasuna berreskuratu genuen eta Betisen aurka berriro ere plasmatu genuen eta irabazitako lau puntu hauek konfiantza eta lasaitasuna eman digute”, adierazi du. 

Horren harira, eta jokalariak konfiantza gehiagorekin ikusten dituen galdetuta, “alaitasuna ikusten det eta gendea lasai dago, urte guztian egiten ari geran lan horrek bere fruitua ematen ari delako eta hori bai jokalariek baita guk ere ikusi egiten dugu”, aitortu du. Hala ere, “ezin gara erlaxatu, lanean jarraitu behar dugu, gutxi geratzen da baina ahalik eta azkarren bukatu behar dugu”, adierazi du.

Salbazioa gertu ikusten duen galdetuta, “gertu ikusten det bai, optimista naiz”, erantzun du. Hala ere, “hankak lurren ditugu eta ziurrenik oraindik beste partida bat irabazi beharko dugu permanentzia lortzeko”. “Jarraitu egin behar dugu, gertu gaude baina ezin gara konfiatu, dinamika txar batean ere egon gara eta espero dugu berriro ez gertatzea eta ahalik eta azkarren lortzea helburua”, adierazi du.