Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: "Gure armekin jokatu behar dugu eta partida on bat egiten badugu hiru puntuak etxean geratzea da gure helburua"

"Azken emaitzak onak izan ez diren arren, taldea oso ondo lehiatzen ari da", adierazi du entrenatzaile armaginak

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du bihar Levanteren aurka Ligako hogeita batgarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa bihar jokatuko da 14:00tan Unben.

Entrenatzaile armagina biharko neurketaren inguruan mintzatu da. “Badakigu oso talde lehiakorra izango dugula aurrean, eta partida zaila izango da”. Hala ere, “gu oso lehiakorrak izaten ari gara eta partida honetan zerbait atera nahi dugu”, aitortu du. “Badakigu defentsiboki sendo egon beharko dugula eta ditugun aukerak aprobetxatu beharko ditugu”.

Aurkariaren inguruan galdetuta, “esan dezakegu ligako bigarren talderik onena dela eta gauzak oso ondo egiten ari direla”, erantzun du. Zentzu horretan, eta biharko neurketari begira, “gure armekin jokatu behar dugu eta partida on bat egiten badugu hiru puntuak etxean geratzea da gure helburua”, esan du.

Dorronsororenak ez dute garaipenik lortu azken partidatan. Egoera honen inguruan galdetuta, “ez nuke esango taldearen dinamika ez dela ona, esango nuke emaitzak ez direla onak izan”, erantzun du. “Taldea oso ondo lehiatzen ari. Egia da Lezamatik irabazi gabe gaudela baina egutegi oso zaila izan dugu eta bagenekien denbora dexente irabazi gabe egon gintezkeela”, aitortu du. Hala ere, “emaitzak onak izan ez diren arren oso gertu egon gara azken neurketetan zerbait ateratzeko eta taldea lehiakor izaten ari da eta lasai egon gaitezkeela uste dut”, azpimarratu du.

Noelia Garcia atezaina nola dagoen galdetuta, “asteartean operatu zuten eta ondo joan da”, erantzun du. “Badakigu baja luzerako dela eta aurtengo denboraldia galduko duela, baina espero dugu hurrengo denboraldian hasieratik gurekin egotea”. “Badakigu baja garrantzitsu bat dela, gauzak oso ondo egiten ari zelako, baina Malena ere oso atezain ona da eta aukera hau aprobetxatzea eta ondo egitea nahi dugu”, esan du Igeldokoak.