
Iker Dorronsoro: "Gogotsu gaude eta iganderako ilusio handiarekin"
Taldea prest ikusten du Nerea Abancens kapitainak, "fisikoki eta mentalki indartsu"
Emakumezkoen lehen taldea igandean estreinatuko da Unben. Primera Ibedrolako lehen neurketa izango du, eta Real Betisen neurketaren atarian Iker Dorronsoro prestatzaileak eta Nerea Abancens kapitainak prentsa agerraldia eman dute.
“Taldea gogotsu dago eta ilusio askorekin. Aurredenboraldi luzea izan da, baina behin lehen neurketaren data finkatu denean jendea animatzen hasi da eta gogotsu gaude”.
Armaginek aurkari gogorra izango dute estreinaldian. “Betisek ondo fitxatu du, eta lehen mailako jokalari kontrastatuak ditu. Iaztik talde sendoa dauka, eta ondo ezagutzen du Liga Iberdrola. Zelai erditik aurrera dituzten jokalariek diferentziak markatuko dituzte, eta nik uste aurrean ibiliko den taldea dela. Erronka zaila da, baina prest gaude”.
Taldeak nola jokatuko duen galdetu zaio. “Garbi daukagu baloirik gabeko lan horretan laguntza asko eman behar diogula batak besteari. Aurrean izango ditugun taldeek kalitate gehiago dute gu baino, baina presio aurreratua egiten ahaleginduko gara, gure porteririk ahalik eta urrutien egon”.
Nerea Abancensek, Napok, ilusio hitza ere aipatu du. “Ilusio askorekin gaude. Hilabete asko dira lehiatu gabe. Emozio asko bizi izan ditugu, igoera ezin izan genuen ospatu, baina orain lehiatzen hasi behar dugu berriz, gogotsu gaude, esperientzia berria da guretzat eta hasteko gogoz gaude”.
Taldeak bere maila emango duela uste du Abancensek. “Aurredenboraldian gauza ezkerdinak landu ditugu, baina talde intentsoa izaten jarraituko dugu. Entrenatzaileek argi dute zein diren gure alde indartsuak eta zeintzuk ez. Fisikoki gogorrak izan behar dugu, ondo presionatu, bertikalak izan baloia dugunean, baina pazientzia handiz”.
"Hiru hilabete eman ditugu entrenatzen eta ondo ezagutzen dugu elkar. Taldea oso ondo ikusten dut, ideia berriak bereganatu ditugu, fisikoki eta mentalki indartsu gaude, eta ilusioz gaude iganderako".