/
Skip to main content
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: “Denboraldiko azken partida izanda itxura ona eman nahi dugu eta zergatik ez zerbait lortu”

“Gure helburua lortu dugu eta oso pozik gaude”, adierazi du entrenatzaile armaginak

There are no reactions yet. Be the first!

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du igandean Bartzelonaren aurka Ligako azken partida jokatu aurretik. Neurketa igandean jokatuko da 11:00tan Johan Cruyff futbol zelaian. 

Entrenatzaile armagina igandean jokatuko duten partidaren inguruan mintzatu da. “Partida itxia egin beharko dugu zerbait lortu nahi badugu”, aitortu du. “Defentsiboki sendo egon behar dugu, kontzentratuak egon behar dugu eta edukiko ditugun aukera apur horiek sartzeko gai izaten ahalegindu behar dugu”, adierazi du.

Horren harira, eta igandeko partidari begira, helburua aurpegia ematea den galdetuta, “etxean aurpegia ematea lortu genuen eta bigarren zatiaren erdiraldera arte partidan egon ginen”, erantzun du. “Badakigu aukera gutxi izango ditugula, badakigu oso ondo defenditu beharko dugula baina gure asmoa partida txukun bat egitea da”, aitortu du. “Denboraldiko azken partida izanda itxura ona eman nahi dugu eta zergatik ez zerbait lortu”.

Denboraldia luzea eta gogorra izan den galdetuta, “luzea bai, eta gogorra ere”, adierazi du. Hala ere, “gure helburua lortu dugu eta oso pozik gaude”. Horren harira, eta taldeak kategoria berrian eman duen mailaren inguruan galdetuta, “askoz exigenteagoa den liga honetan helburua lortu dugu eta nik uste det gainditu egin dugula”, amaitu du Igeldokoak.