Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Iker Dorronsoro: “Aukera polita dugu igandean helburua lortzeko eta eguna iristeko gogoa dugu"

“Garbi daukaguna da gure identitatea ezin dugula galdu eta horrek emango dizkigula hiru puntuak", adierazi du entrenatzaile armaginak

Iker Dorronsorok prentsaurrekoa eskaini du igandean EDF Logroñoren aurka Ligako hogeita hamabigarren jardunaldia jokatu aurretik. Neurketa igandean jokatuko da 12:00tan Las Gaunas futbol zelaian. 

Entrenatzaile armagina igandean jokatuko duten partidaren inguruan mintzatu da. “Taldea ondo dago, aukera polita dugu igandean helburua lortzeko eta eguna iristeko gogoz gaude”, adierazi du. Horren harira, eta jokalariak partida garrantzitsu baten aurrean daudela  somatzen zaien galdetuta, “kontziente dira partida garrantzitsu bat dugula igandean eta denak parte hartu nahi dute”, aitortu du.

Dorronsorok biharko aurkaria eta euren egoera ere aztertu du. “Beraiei irabaztea bakarrik geratzen zaie, ez bakarrik partida hau, baizik eta geratzen diren hiru partidak”, esan du. Zentzu horretan, “denarekin aterako dira hasieratik eta arriskutsuak izan daitezke”. Beraz, “garrantzitsua izango da beraien hasiera horretan gu ere fuerte sartzea”, aitortu du.

Nolako partida espero duen galdetuta, “garbi daukagu partida itxia egin behar dugula”, erantzun du. “Zelai erditik aurrera jokalari oso onak dituzte eta jokalari horiekin konektatzen baldin badute, aukerak izango dituzte”. Zentzu horretan, “defentsiboki ondo egon beharko gara”, adierazi du Igeldokoa. Hala ere, “beraiei irabaztea bakarrik balio die eta izan dezaketen presio hori aprobetsatzen saiatu behar gara”.

Horren harira, eta neurketa hau prestatzeko, zertan azpimarratu duten galdetuta, “garbi daukaguna da gure identitatea ezin dugula galdu eta horrek emango dizkigula hiru puntuak igandean”, esan du.