Skip to main content
EU
Kluba

IESE: Eibarrek erakutsi du erakunde txiki batek handiekin lehiatzeko aukera duela gauzak ondo egiten baditu

Nafarroako Unibertsitateko IESE negozio-eskolako hiru irakaslek «Eibar kasua» aztertu dute, «Sektore berezi bateko elitean dagoen talde txiki bat» izenburuarekin

Nafarroako Unibertsitateko IESE negozio-eskolako irakasle-talde batek «Eibar kasua» delakoren ikerketa bat egin du. Bertan azaltzen dutenez, Eibarrek frogatu egiten du «erakunde txiki edo ertain bat handiekin lehian ibil daitekeela atzetik alderdi ekonomiko eta kultural batzuk badauzka eta gauzak ondo egiten dituen talde kudeatzaile bat badu».

IESE munduko hamar negozio-eskola onenen artean dago eta Europako lehena da, Financial Timesek egindako ranking baten arabera. Madrilen, Bartzelonan, New Yorken, Munichen eta São Paulon Campusak ditu, eta bertako ikasleen % 50 baino gehiago atzerritarrak dira.

José Antonio Segarra, Alberto Fernández Terricabras eta Javier Aguirremalloa irakasleen ikerketa honen inguruan eztabaidatuko dute zuzendari batzuek, non eta hiru irakasle horiek ematen duten ETEen zuzendaritza eta gobernuaren inguruko ikastaro batean, bai eta mundu osoko beste hainbat ikastarotan ere.

Ikerketaren hasieran futbolaren sektorearen egoera aztertzen da. 2.328 milioi euroko sarrerekin, Espainiako BPGren % 0,75 osatzen du, baina bere zorra, 3.000 milioi eurokoa, ikaragarri handia da. Gainera, 2003tik hona Lehen Mailan izan diren 33 kirol-sozietate anonimoetatik 22 hartzekodunen konkurtsoan sartu dira.

Testuinguru horretan, nabarmena da Eibarren berezitasuna, «talde berezi bat oso sektore garrantzitsu eta mediatiko batean, sektore horren kudeaketa argi eta garbi asko hobetu badaiteke ere».

Ikerketan, Eibarren hainbat berezitasun aipatzen dira: hiriaren populazio txikia (27.000 biztanlerekin, Espainiako 280. postuan dago); akziodun txiki asko izatea, «oinarri demokratiko batekin eta banatutako kapital batekin»; Lehen Mailara eraman duten elkarren segidako bi igoerak, aurrekontuaren mugak gorabehera; hiru urtetan sarreren aurrekontua milioi batetik 32 milioira igaro izana; eta bere berezitasun ekonomikoa: 4,4 milioiko mozkinak zergak ordaindu eta gero, 7,6 milioi baliabide propioetan, 0 euroko zorra eta 9,6 milioiko likidezia.

IESEko irakasleek uste dute hori guztia ez dela kasualitatea, «baizik eta hainbat alderdiren ondorioa: zaleen, taldearen, kudeaketaren eta gobernuaren arteko sinbiosia» edo «zirkulu bertutetsu bat, printzipio aldaezinak ezaugarri bezala dituena, hala nola beti lehiatzea –printzipioei leial eustea– kudeaketa eraginkorra –finantza-oreka–, edota soberakinen erabilera».

Adierazi dutenez, kudeaketa txarrarengatik eta arrisku handiengatik ezaguna den inguru batean, Eibarrek ondo doazen merkataritza-enpresen gobernu onaren printzipio orokorrak errespetatzen ditu:

1 - Balio aldaezin eta negoziaezinak: Esfortzua eta sakrifizioa, indarra, seriotasuna eta ardura, umiltasuna eta benekotasuna, berrikuntza eta ausardia, inplikazioa, gertutasuna, parte-hartzea eta gardentasuna eta kontu-ematea.

2 - Kontu argiak, zorrotzak eta gardenak, kontabilitate irudikorrak baztertuz.

3- Klub «txiki baina zuhurren» baliabideak erabiltzea, hala nola aurrezpena, kapitalizazioa eta inbertsioa.

4- Ekimena motore bezala. Adibidez, 2014ko kapital-gehikuntzarako crowfundinga, «mundu-mailako aurrekaririk ez duena».

5 - Ekintzarako antolakuntza: sinpletasuna eta eraginkortasuna, burokrazia baztertuta.

6- - Bazkideekiko gertutasuna, Ligako abonamendurik merkeenekin; eta akziodunekikoa ere bai: akziodunen % 80 Euskadin bizi dira, 1.500 Espainian eta beste 500 atzerrian.

7 - Markaren balioak garatzeko ahalmena.

8 - Erakundeen konfigurazio sendoa, inguru korporatibo aktibo batekin eta Administrazio Kontseiluaren menpeko zortzi batzorderekin.

«Enpresa hauetan barne-gatazkak saihestu behar dira. Enpresa gehienak kontseilari eta akziodunen arteko gatazkengatik erortzen dira. Eibarrek eraginkortasuna eta seriotasuna bermatzek dituen jokabide-kode bat du», diote ikerketaren egileek.

«Baloia sartu behar da, baina hori errazagoa izango da gobernu on batekin lan eginez gero. Eibar adibide on bat da, eta Klubeko estamentu guztiek harro egon behar lukete horretaz. Klubak zergarik gabe daudenean eta kudeaketa ekonomikoak Eibar berezi egiten ez duenean, klubak berezi izaten jarraitu beharko du beste alor batzuetan», gaineratu dute.

Bestalde, Eibarren presidente Alex Aranzabalen hitzetan, «talentua eta ekimena beharko dira desberdinak izaten jarraitu ahal izateko». «Gauzak desberdin egiten ez baditugu, marea igoko da eta urpean geratuko gara», nabarmendu du.

«Moldeak hautsi behar dira batzuetan. Eibarren kontakizuna kudeatzen asmatu behar dugun aktibo bat da», Klubeko presidentearen ustez.