Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Harrotasun, fede eta ohorezko puntua lortu zuen Europa Leagueko txapeldunaren aurka bi gutxiagorekin bukatu zuen Eibarrek

Armaginek bat gutxiagorekin berdindu zuten partida eta azken txanpan bederatzirekin eta Mendilibarrekin harmailetan eutsi zioten emaitzari

Eibarrek meritu handiko puntua lortu zuen Sevillaren aurka neurketan izandako harrotasuna, ohorea eta fedeari esker, epaileak bi jokalari eta entrenatzailea kaleratu ostean.

Armaginak nagusi izan ziren lehen zatian, hamaikarekin jokatzen zutenean eta markagailuan aurreratzeko abagune dezente izan zituzten, baina ez ziren azken metroetan fin ibili.

Sevilla, ordea, askoz eraginkorragoa izan zen eta ailegatu zen lehenengoan gola egin zuen. 27. minutuan Luciano Viettok bizkarra hartu zion defentsari Hirosho Kiyotakeren pase baten ostean eta Yoel gainditu zuen.

Galiziako atezainak, Granadan txartel gorria ikusi zuen Asier Riesgoren ordez jokatzen zuena, txartel gorria ere ikusi zuen antzeko jokaldi batean. 44. minutua zen eta Eibarrek erronka gogorra zuen bigarren zatirako: bat gutxiagorekin markagailuari buelta ematea.

Jokaldi honi esker, bigarren taldeko atezainak, Markel Areitio, Ligan debuta egin zuen. Jokalari gaztea ospe handiko atezain-familia batekoa da: Carmelo Cedrúnen iloba da eta bere osaba Andoni Cedrún da. Neurketan ez zuen lan handirik izan, baina lasai eta seguru ibili zen.

Nahiz eta bat gutxiagorekin egon, Eibar gogotsu atera zen bigarren zatira. Oso goian presionatuz, aurkariak arriskurik ez sortzea lortzen zuten.

Presio horri esker, 64. minutuan baloia lapurtu zuten. Rubén Peñak Antonio Lunari eman zion eta honek erdiratu zuen. Area barruan Pedro Leónek maisutasunez kontrolatu zuen pilota eta sarera bidali zuen. Hiru partidetan hiru gol daramatza murtziarrak. Ezinekoa zirudiena errealitate bihurtu zen eta Ipuruak alaitasunez ospatu zuen.

Aurrerantzean armaginek berdin jarraitu zuten, baloia aurkariaren zelaian egotea bilatuz. Sevilla areara hurbiltzen zen baina ez zuen arrisku handirik sortzen. 

Aukerarik garbiena 82. minutuan izan zuten, baina Luciano Viettok kale egin zuen errematean, Vitoloren pasea jaso eta gero.

  1. minutuan gauzak okertu ziren. Dani Garcíak sarrera gogorra egin eta epaileak aldageletara bidali zuen. Azken minutuetan eibartarrek gogor borrokatu behar izan zuten euren atea defendatzeko.

Norgehiagokaren bukaerak poz handia ekarri zuen estadiora eta jokalari eta zaleek kontrako baldintzetan lorturiko merituzko puntua ospatu zuten.