Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Haizete armagina Ipuruan

Eibarrek 4-0 irabazi dio Granadari gau gogoangarrian

Gol eta futbol haizeteak bisitatu du gaur Ipurua, eta lau gol eta hiru puntu utzi ditu Eibar zazpigarren postuan 35 punturekin utzita.

Lehen minututik joan dira partiduaren bila eta berehala eman ditu fruituak armaginen gogoak. 11. minutuan Adrianek ezkerrarekin Ingasonek Sergi Enrichi egindako penaltia sartu du.

18. minutuan Adrianek armaginen abantaila handitu ahal izan du eskumatik Caparen pasea jaso ostean, baina posizio ezin hobean zegoenean, bere baloia langara joan da.

Mendilibarren mutilak partiduaren jaun eta jabe ziren, eta partidua amaitutzat eman nahi zuten atsedenaldia baino lehen oposiziorik eman ezin zuen Granadaren aurka.

Eibar nagusi zen zelai erdian, hegaletatik heltzen eta Granadaren defentsa etengabe arriskuan jartzen zuen hainbat gol aukerekin.

38. minutuan 2-0ekoa iritsi da. Pedro Leonek goitik pase ona eman dio Sergi Enrichi eta honek, arean sartu eta Ochoa driblatu ostean, zirrikitu batetik baloia sartu du ia angelurik ez zuenean.

Abantailarekin konformatu beharrean, armaginek anbizioa mantendu eta gogo handiz arerioaren atea bilatu du.

Segituan iritsi da partiduaren sententzia. 52. minutuan, Pedro Leonek ateratako kornerra Ivan Ramisek eskuin hankarekin errematatu eta Ochoa heldu ez zitekeen tokian jarri du.

Bigarren zatiko lehen 20 minutuetan erakustaldia erakutsi du Eibarrek, Ipuruako zaleak liluratu dituen futbol maila eta gogo handia.

62. minutuan, fedezko jokaldi batean, fondoko lerrotik irtengo zen baloi batera iritsi da Anaitz Arbilla eta bere erdiraketa Pedro Leonen hanketara iritsi da. Honek, marka gabe, baloia sarera bidali du.

Bi minutu geroago Granadak jokaldi ezin hobea alferrik galdu du. Alyk ate aurrean errematatu du baina bere ahalegina ezerezean utzi dute Ramis eta Yoelek. Zoritxarrez, Ivan Ramisek min hartu du jokaldi honetan eta Mauro Dos Santosek bere tokia hartu du zelaian.

Dani Garciak ere min hartu du partiduan, eskuin eskuan metakarpiano haustura izan dezakeelarik, konfirmatzeko oraindik.

Jokaldi honen ostean jokoak behera egin du eta minutuak aurrera joan dira intentsitate eta aukera gutxiagorekin amaierara arte. Epaileak partiduaren amaiera adierazi duenean Ipuruako zaleek txalo zaparrada eskaini die jokalariei, La Ligan mantentzeko helburua ia lortu dutelarik.