Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Gonzalo Escalante 2020ra arte izango da Eibarreko jokalari

SD Eibar akordio batera ailegatu da Calcio Cataniarekin, futbolari argentinarra fitxatzeko

Gonzalo Escalante 2020. urteko ekainera arte izango da Eibarreko jokalari, bi aldeak fitxaketarako akordiora iritsi eta gero.

Kluben arteko akordioa itxi ondoren, Escalantek kontratua sinatu du talde gipuzkoarrarekin, denboraldi hau eta lau urte gehiago bertan emateko.

Gonzalo Escalante (Bella Vista-Buenos Aires, 1993) denboraldiaren hasieran iritsi zen Eibarrera, Calcio Catania taldeak utzita. Talde italiarrak Boca Juniorsetik fitxatu zuen, eta denboraldi bat jokatu zuen Serie A-n.

José Luis Mendilibarren hamaikakoetan ohiko jokalaria da Escalante, eta titular izan da aukera izan duen guztietan (1.472 minutu jokatu ditu 17 partidatan, eta bi neurketa galdu ditu, zigorren ondorioz).

Eibarren webgunean aitortu duenez, oso pozik dago arlo pertsonalean, talde armaginarekin sinatzea baitzuen helburu, eta lortu egin baitu.

«Eibarren oso eroso sentitzen naiz. Beti esan dut futbol-jokalari argentinar guztien helburua Espainian jokatzea dela. Nik hemen geratu nahi nuen, eta nire nahia egia bihurtu da», esan du Escalantek.

Adierazi duenez, 22 urterekin Lehen Mailan ibilbide txikia duen talde batean jokatzea «konbinazio ona» da, biok batera hobera joateko. «Talde gaztea daukagu, eta asko lagun dezake. Oso gustura nago hemen, eta hementxe geratzea nahi nuen. Izan nezakeen berririk onena jaso dut».

«Ilusio handiarekin ailegatu nintzen, eta ondo ala txarto atera daitezke gauzak. Nire helburua ahalik eta partida gehien jokatzea zen. Zorionez, lortu dut hori, baina ez naiz konformatuko; egunero jarraitu behar da lanean», esan du.

Era Berean, Escalantek nabarmendu duenez, Eibarren harridura gehien sortzen diona jendea da: «Partida bakoitzean nola animatzen duen, beti kemena nola ematen duen... Inoiz ez dut hitz txarrik entzun, eta horrek, zelaian jokatzean, gauza asko sentiarazten dizkizu».

Taldearen lehen itzuli onaren inguruan, esan du «taldearen elkartasuna» dela arrakastaren oinarria. «Hemen, gauzarik garrantzitsuena taldea da. Denek laguntzen dute, bakoitzak ahal duen heinean, eta hori baloratu eta ikusi egiten da, bai zelaian, bai zelaitik kanpo».