Skip to main content
EU
Kluba

GOL-FESTAK (XXVII). Eibarrek mutrikuarren ahultasuna baliatu zuen sei gol egiteko

1966ko azaroaren 6an, 6-0 gailendu zen Eibar Mutrikuren aurka

Eibarrek eta Mutrikuk elkarren aurka jokatu zuten Ipuruan 1966ko azaroaren 6an. Partida aurreko iragarpenak baieztatu ziren eta armaginek mutrikuarren atzearen ahultasuna baliatu zuten 6-0 jipoitzeko.

Zortzigarren jardunaldia jokatu zen lehia hura. Denboraldiaren amaieran, Eibar txapelduna izan zen, Real Unionekin berdinduta. Mutrikuk, berriz, mailari eustea lortu zuen.

Orduko prentsaren arabera, neurketa kostakoen atzelarien ahultasunagatik desorekatu zen. Bereziki ezker hegaleko atzelaria zen Cuencaren papera azpimarratu zuten.

Golak: Lehena seigarren minutuan iritsi zen. Lamatak boleaz Ucinen pase baliatu zuen. Bigarrena, 29. Minutuan, Arguiñanok areatik kanpo jotako jaurtiketa batean. Diari Vasco egunkariko kazetarien arabera, gola hain izan zen ikusgarria ezen “ospakizuna Beasainen entzun zen”. Ucinek hirugarrena eskuratu zuen 38. minutuan eta emaitza harekin atsedenaldira iritsi ziren.

Bigarren zatian, golak berandu iritsi ziren. 70. Minutuan, Realak utzitako jokalaria azkoitiarra zen “Camiño”-k laugarrena egin zuen. Jarrain, Lamatak bere bigarrena eskuratu zuen eta gol festa Aranegik itxi zuen Arguiñanoren pasea baliatuta. Diario Vascok “Erakustaldi ederra” lelopean titulatu zuen kronika.

Azpimarratzekoa izan zen talde armaginean Arguiñanoren, Ucinen eta Cenarruzabeitiaren papera. Azken honek, Eibarko promesa zenak, erdialdean gailendu zen era ezinhobean. Patxi Aranegik eta Arroyarbek atzealdean egindako lana ere nabarmendu zuten kronikalariek.

Zaleek bereziki disfrutatu zuten Mutrikuko Javier Gurrutxaga atzelariak (Javier Gurrutxaga Eibarko jokalariaren ohiaren eta egun kontseilaria denaren aita) eta Jorge Iceta ezker hegalekoak izandako norgehiagoka.

Eibarren hamaikakoa honakoa izan zen: Murguiondo, Arguiñano, Muñoa, Castillo, Arroyabe, Aranegui, Ucin, Cenarruzabeitia, Vergara “Camiño”, Lamata eta Iceta.

Mutrikuko hamaikakoa: Monforte, Gurrutxaga, Juan Manuel, Cuenca, Isasa, Belartieta, Bidegain I, Basurco, Iribar, Landaribar eta Maidagan.

Jose Mari Fernandez de Arroyabe Mutrikun hasi zen futbolari moduan. Kordobako Lan Unibertsitateko ikaslea izan zen 1956 eta 1962 artean. Bertan bere futbol dohaiak hobetu zituen. 1945ean jaio zen eta 21 urte zituen Eibarreko jokalari gisa Mutrikuren aurka lortutako garaipenean. Denboraldi horren amaieran, 66-67an, Osasunak fitxatu zuen. Bigarren Mailan jokatu zuen bi denboralditan eta ondoren Mirandesen aritu zen, 1970 eta 1973 urteen artean. Atzelari zein erdilaru moduan jokatu zuen. 2001ean zendu zen Zizur Nagusian.

ARGAZKI-OINAK

- Jorge Icetak 66-67 denboraldiko Eibarko jokalari onenaren saria jasotzen Aguirreren eskutik.

- Ipuruako kanpoaldea, 1966an.

- José María Arroyabe erdilaria.