Skip to main content
EU

GOL-FESTAK (XXII). Garateren gol antologiko batek aho zabalik utzi zituen ikusleak

7-1 irabazi zuen Mirandesen aurka 1964ko urtarrilaren 12an

1964ko urtarrilaren 12an Ipuruara gerturatu zirenek erraz gogoratuko dute Jose Eulogio Garatek, 19 urteko eibartar gazteak, egindako gol antologikoa.

Egun hartan, Eibarrek 7-1 irabazi zion Mirandesi Hirugarren Mailako bigarren itzuliko lehen partidan (16. jardunaldia).

Gol hori 6-0ekoa izan zen eta Ipuruako historia luzean sartutako golik ederrenen artean dago. Garatek zelai erdian hasi zuen jokaldia, bi atzelari gainean zituela. Metro batean gainditu zituen eta atezainaren irteeraren aurrean, izkin egin eta jaurtiketa gurutzatuz sareratu zuen baloia. Ikusleek, zutik jarrita, txalo zaparradaz agurtu zuten. Jokaldia hain izan zen polita Mirandeseko jokalariek eta epaileak berak, SR. Diez, Gárate zoriondu zutela.

Ipuruan beteta zegoen, -4ºC-ko giro-tenperatura bazen ere. Zelaia guztiz izoztuta, astuna zegoen. Garatek bi gol sartu zituen eta hiru asistentzia eman zituen.

Golak: 1-0ekoa Garatek sartu zuen ezkerretik Larrabeitiren pasearen ostean. 2-0ekoa Realak utzitako Alfonsok lortu zuen, penaltiz, 24 minutura. Markagailu horrekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatian sei gol izan ziren. 3-0koa Basarasek eskuratu zuen Garateren jokaldi baten ostean., 4-0ekoa Patxi Araneguik, Jorge Icetaren pasea baliatu eta ger. Baquek egin zuen 5-0ekoa, Garateren jokaldiaren ondoren. Geroago iritsi zen aipatutako Garateren gol bikaina. Mirandesek ohorearen gola egin zuen jarraian eta Jose Antonio Baquek gol-zaparradari amaiera eman zion.

Honako izan zen Antonio Corralek ateratako hamaikakoa: Murguiondo, Lozano, Muñoa, Castillo, Aranegui, Larrabeiti, Basaras, Baqué, Gárate, Alfonso eta Iceta.

Talde honetan Eibarko bost jokalari zeuden (Castillo, Aranegui, Basaras, Baqué eta Garate) eta, bitxia bada ere, arratsaldeko zazpi goletatik sei jokalari eibartarrek egin zituzten. Gainerakoak, Murguiondo Legazpikoa, Lozano Usurbilgoa, Muñoa Elorriokoa, Larrabeiti Mungiakoa gaztetatik Eibarrera etorri bazen ere, Alfontso Donostiakoa eta Izeta Zarauzkoa. Beraz, bederatzi gipuzkoar eta bi bizkaitar zeuden Eibarren hamaikakoan.

Jardunaldi amaieran, Eibar lider jarri zen Txantrearekin berdinduta. Armaginek 54 gol sartu zituzten 16 partidatan. Nafarrek Errenterian Touringen aurka galdu zuten jardunaldi horretan eta hori dela eta, Eibar lidergoan jarri zen.

Denboraldi horretan, hirugarren mailako 4. multzoko goleatzaile nagusia izan zen Garate. 30 partidatan 28 gol sartu zituen. Hurrengo golegileak Alfonso eta Basaras izan ziren, 13 golekin. Murguiondo izan zen gol gutxien jaso zuen atezaina, 16 jaso zituen 20 partidatan. Ligako30 partidetan Eibarrek 28 gol baino ez zituen jaso.

Erreportaje honetan agertzen diren datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.

Argazki-oinak:

- Eibarren hamaikakoa Mirandesen aurka. Eibar: Murguiondo, Castillo, Aranegui, Lozano, Muñoa, Larrabeiti. Behean: Basaras, Baqué, Garate, Alfonso, Iceta.

- Larrabeiti kapitaina eta Uncilla elgoibartarra Diez epailearekin eta bere laguntzaileekin. Ezkerrekoa Berrueta soraluzearra da.

- Elkorok atzelaria penaltia egiten.

- Sebitas Mirandeseko atezaina goletako bat jasotzen.